Sallobente Elkarteak auzoa egin duela dio liburuaren hitzaurrean Itziar Aranbarrik, 50. urteurreneko lantaldeko kideak. "Egia esan, elkarri lotuta daude, Elkartea ez da ulertzen auzorik gabe, eta auzoa ez da ulertzen Elkarterik gabe. Familia osoen bizipenak, lagun taldeen bizipenak eta, azken finean, gure auzoaren bizipenak daude itsatsita gure Elkartearen lau paretetan", dio 'Sallobente Elkarteak 50 urte' izeneko liburuaren hitzaurrean. Agerian geratu da gaurko ospakizunean. Berrehun bat lagun batu dira Elkartea eta bolatokiaren artean dagoen berdegunean jarrita dagoen karparen babesean. Bertan egin dute ospakizuna, meza ostean. Itziar Irazabalbeitiak aurkeztu ditu Sallobente Elkartearen mende erdiko ibilbidea ospatzeko prestatu dituzten ekimenak. Hasteko, bideo bat eman dute. Elkartearen sorreraz eta euren bizipenez berba egin dute bideoan elkarteko sortzaileek eta zenbait bazkidek. Elkartearen eta auzoaren bueltako berezitasunak eta ohiturak izan dituzte hizpide, eta elkarteak euren bizitzetan duen lekuaz eta esanahiaz ere aritu dira, eta baita auzoko jai entzutetsuez ere, noski. Emanaldiaren ostean, elkartea sortu zutenetatik geratzen diren zazpi bazkide fundatzaileak omendu dituzte: Sebastian Gorrotxategi, Joxe Bollar, Isaac Osoro, Felix Juaristi, Sabin Txurruka, Kasiano Altuna eta Alberto Aldazabal. Ez zuten omenaldirik espero, eta ezustean altxarazi dituzte aulkietatik. Aurkezleak Elkartea sortu zuten lehen 29 bazkideen izenak banan-banan irakurtzen ari zenean altxarazi ditu aulkietatik eurenak aipatzean. Guztien aurrean zirela, lora sorta bana eman diete, eta ondoren ohorezko aurreskua dantzatu diete auzoko dantzariek eta musikariek.
Gero, Sallobenterekin eta bertako auzotarrekin lotura berezia duen lagun baten mezua entzun dute batutakoek, bideo bidez. Angel Mari Peñagarikano bertsolaria ikusi dute pantailan, urteetan sustraituz joan den harremanaz berbetan. Peñagarikanoren ostean, Antxon Aranburu usurbildarrak hartu du hitza eta hiruzpalau bertso bota ditu elkarteari eta sanlorentzotarrei eskainiak. Elgoibarko Ikastolan maisua izan zen Aranburuk lotura estua eduki du auzoarekin, oso San Lorentzo zalea izan da. Jaietako herri kirolen erakustaldian esatari lanak egitera ere etortzen zen, debalde, Usurbildik, eta horrez gain, angula pla bat ere ekartzen zuen. Aranburu bera ere omendu zuten auzotarrek 2008an, urtez urte auzoari eta Elkarteari eman zion laguntzarengatik. Aranburuk sortutako "Karakate mendiari" kanta abestu zuten orduko hartan. Jan edanarekin eman diote amaiera ospakizun ekitaldiari.
• Liburua, hiru zatitan
Elkartearen 50 urteko historia jasotzen duen liburua ere gaur aurkeztu dute. Jasone Osorok auzokideen laguntzaz idatzi duen liburuak hiru zati ditu. Lehenengoan elkartearen historia kontatzen du. Nolakoak izan ziren elkartearen sorrerako aurrekariak, nola hasi zuen bere ibilbidea Sociedad Cultural Recreativa Sallobente izenarekin 1972ko apirilaren 6an, eta hortik aurrerako hainbat kontu: ura lortzeko egin behar izan zituztenak, elizako zaharberritzean auzolanean eginiko lana, Artazo baserriaren sutea, jaiak, bakailao jana edo "Pollerixia", besteak beste. Era berean, elkartearen historiaren kontakizun horretan aipatzen dute Sallobente aitzindaria izan dela hainbat eta hainbat arlotan, esaterako berdintasunean. Izan ere, bazkideen artean emakumezkoak egorea onartu zuen lehenengo elkartea izan zen (1982) eta baita lehendakari emakumezkoa izan zuen estreinakoa ere (2007). Liburuaren bigarren zatian, haiei eginiko elkarrizketen bidez, protagonistek hartzen dute hitza: Elkarteko bazkide sortzaileek, eta egungo bazkideek, horien artean gazteenek, etorkizuna nola ikusten duten azaltzeko. Liburaren azken zatian Sallobente-Ermuaraneko baserrien argazkiak ikus daitezke, 80 baserrirenak.