Mayi Mujikak irabazi du emakumezkoetan 'Hiru Txikiak Trail' lasterketaren estreinako edizioa, eta hirugarren egin du Sergio Agirregomezkortak

Barren.eus 2022ko urr. 17a, 16:49

Ermuan hasi eta bukatu zen zapatuan Hiru Txikiak Trail mendi lasterketa. 38 kilometroko ibilbidean Urko, Oiz eta Egoarbitxa mendiak igo zituzten parte hartzaileek.

Artarrai Mendi taldeko zenbait bazkidek sortu dute Hiru Txikiak Trail mendi lasterketa. Azaldu dutenez, urte asko daramatzate han eta hemen mendi lasterketetan parte hartzen, eta zaletasun horri esker hamaika inguru natural, jende eta herri ezagutu dituzte. "Orain geu gara, gure herria, gure ingurua, erdigunean jarri nahi dugunak; eta, lasterketa eta kalitatezko martxen aldarrikapenari jarraituz, inguruko herrietako jendea Ermura hurbiltzea lortu nahi dugu, eta askorentzat ezezaguna izango den edertasun handiko ingurune batean barrena korrika egiteko aukera eskaini", adierazi dute lasterketa berri hau antolatzeko izan dituzten motibazioez.

Joan den zapatuan, urriaren 15ean, jokatu zuten estreinako edizioa. Bi aukera eskaintzen dituzte: lasterketa eta mendi martxa. Biak jokatzen dira ibilbide berean. 120 lagunek bukatu zuten lasterketa, eta 233 lagunek eman zuten izena mendi martxa egiteko.
Lasterketan Pello Berrizbeitia eibartarra izan zern azkarrena, 3 ordu, 49 minutu eta 41 segundoko denbora eginda. Irabazlearengandik 4 minutu eta segundo batera ailegatu zen Ermuko plazan zegoen helmugara Julen Olaizola ermuarra. Sergio Agirregomezkorta Uriarte elgoibartarra sailkatu zen hirugarren postuan (4:17:41). Lasterketako ibilbideak tranpa moduko bat zuela argitu du Agirregomezkortak. "Ematen zuena baino askoz ere gehiago egin behar zen korrika eta jendea erritmo bizian irten zen, oso indartsu, nahiz eta gero kilometroak pasatzen joan ahala, erritmoa apaldu behar izan zuten askok. Lasaiago irten nintzen ni, atzetik aurrera eginez. Bukaerara juxtu xamar ailegatu nintzen arren, denboraldiari amaiera emateko sari bikaina lortu nuen, hirugarren postua. Gainera, podiumera nirekin igo ziren bi saltakariak lagun handiak ditut, eta oso polita izan zen podiuma beraiekin partekatzea". Agirregomezkortaz gainera, Juanan Martin elgoibartarra 13. postuan sailkatu zen (4:45:02) eta 99. postuan Roberto Garcia (6:59:21).
 • Mayi Mujika nagusi emakumezkoetan
Emakumezkoetan Mayi Mujika izan zen proba amaitzen aurrenekoa. Mujikak 4 ordu 40 minutu eta 12 segundo erabili zituen 38 kilometroko ibilbidea osatzeko. Lorena Guinaldo eibartarra sailkatu zen bigarren (4:48:48) eta Oihane Perez gernikarra hirugarren (5:02:37)

2022 10 17 hiru txikiak trail podiuma ermuan mayi mujika

2022 10 15 hiru txikiak podium ermua giz

2022 10 15 hiru txikiak trail sergio agirregomezkorta

2022 10 15 hiru txikiak trail ermua arg adur juaristi

2022 10 15 hiru txikiak trail ermua arg adur juaristi b1