Indarrez beterik itzuli dira Morkaikoren umeentzako mendi irteerak

Barren.eus 2022ko urr. 18a, 11:34

Mendirako gogoz daude herriko umeak eta familiak. Ia bi urteko etenaren ostean, Elgoibarko umeentzako eta gurasoentzako mendi irteera sorta antolatzeari ekin dio berriro Morkaikok, eta Zirardamendira (468 metro) egin zuten aurrenekoa, domekan.

Hego haizea egin zuten domekan, bero beharbada mendira joateko, baina lagun askok hartu zuten parte: 80 haurrek eta beste horrenbeste nagusik. Autoz Aiastiaraino igo ziren eta handik oinez joan ziren Zirardamendiraino. "Baserri, zelai eta baso tartean lasai-lasai Zirardamendira igo ginen. Tontorrean indarrak hartu ostean, beherakoan 36ko Gerrako aztarnak ikusi genituen", azaldu dute mendi taldeko kideek.

 • Zortzi mendi irteera
Morkaiko mendi taldeak Elgoibarko Ikastolak eta Herri Eskolak elkarlanean prestatu duten mendi irteeren egutegiaren berri eman dute. Maiatzera bitartean, hilean behin, mendi irteera bat egiteko aukera izango dute Elgoibarko umeek eta gurasoek. Zortzi irteera guztira. Bigarren irteera azaroaren 20an egingo dute, Kalbario gainera (248 metro). Debaraino trenez joango dira eta handik oinez Kalbarioraino igoko dira Mutrikugainetik pasa eta gero. Zortzi kilometro eta erdiko ibilbidea osatuko dute (ikus wikiloc-en).

 • Guara mendilerrora irteera, urriaren 29tik azaroaren 1era
Umeentzako antolatutako irteerekin gertuko mendi eta natur guneak ezagutzera ematea da Morkaikoren helburuetako bat, baina urrunagoko mendiak ezagutzeko irteerak ere antolatzen ditu Morkaikok. Urriaren 29tik azaroaren 1erako, adibidez, Aragoiko (Espainia) Guara mendilerrora irteera antolatu dute Eibarko Klub Deportiboarekin elkarlanean. Izen ematea online egin daiteke. Izena ematerakoan 50 euroko fidantza ordaindu beharko dela ohartarazi dute Morkaikotik, eta ez dute dirua itzuliko irteerara ez joatekotan.
Irteerari buruzko xehetasunak morkaiko.eus webgunean 

2022 10 18 guara mendilerroa iluntzean Salto del Roldan etik

 • Karakateko Igoera antolatzeko boluntarioak
Azaroaren 19an jokatuko den Karakateko Igoera antolatu ahal izateko boluntarioak behar ditu Morkaikok. "Beharra oso konkretua da, kaletik Agarre baserri pareraino bidegurutzeak zaintzeko behar ditugu boluntarioak. Oso denbora tarte txikia eskatzen duena: 10:30etik eta 11:15era biartean egiteko lana izango da. 11:00etan esandako bidegurutzean egon eta azkeneko parte hartzailea pasatakoan, libre", azaldu dute egin beharreko lanaz. Laguntzeko prest daudenek, izen abizenak eta telefono zenbakia eman behar dute, e-postaz, morkaiko@morkaiko.eus helbidera.

2022 10 18 karakateko igoera 2021 BARREN