Gaba beltza antolatu dute Elgoibarko Hezkuntza Mahaiko eragileek, garai bateko usadioen usainean

Barren.eus 2022ko urr. 19a, 11:46

Urriaren 31n Arimen Gaua ospatzeko ohitura Euskal Herriko txoko askotan oso zabaldua zegoen sasoi batean.

Iluntzean haur eta gazteek bide bazterretan arbi eta kalabaza hustuetan kandelak ezkutatzeaz gain, etxez etxe eske errondak egiten ziren, neguan ospatzen diren beste jai ezagunetan bezala, eta usadio horren esentzia berreskuratu nahi dute orain Elgoibarren Hezkuntza Mahaira batutako eragileek elkarlanean.

 • Ibilaldi beltza, urriaren 28an
Asmo horrekin antolatu dute Gaba beltza. Horren barruan, urriaren 26an, kalabazak hustuko dituzte udal ludotekan, eta biharamunean, mozorroak prestatuko dituzte. 16:30ean bilduko dira bi egunetan, lanerako. Hilaren 28rako, berriz, ibilaldi beltza iragarri dute, eta familian parte hartzeko proposatu dute. 19:30ean abiatuko dira Kalegoen plazatik, oihal eta arropa zaharrak jantzita, eta Maalara arteko bidea egingo dute elkarrekin. Tarte horretan kaleko argiak itzaliko ditu Udalak eta erakusleihoak Egur Arte Tailerreko ikasleek egindako artelanekin egongo dira apainduta. Ibilbidean zehar zenbait eragilek; Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolak, adibidez, ibilaldia girotzeko hainbat ekintza egingo dituzte. Maalan, ekitaldi batekin emango diote azkena ekimenari. Behar bezala girotuta eta prestatuta parte hartu nahi dutenentzako, 18:00etatik aurrera, Kalegoen plazan, atontze tailerra jarriko dute. Oihalak eta margoak eramango dituzte antolatzaileek han mozorrotu nahi dutenentzat.


 • Kanela, kalabazak eta gatxak ipuinaren proiekzioa, Herriko Antzokian
Azaroaren 2an, berriz, Atxutxiamaikak Udalaren laguntzarekin sortu eta, Azpeitiko Kulturaz  Kultur Kooperatibaren proiektuak, digitalizatu duen 'Kanela, kalabazak eta gatxak' ipuina proiektatuko dute Elgoibarko Herriko Antzokian, 17:00etan. Ondoren, 'Coco' filma emango dute. Lee Unkrich zinema zuzendariak zuzendutako eta Pixarrek ekoiztutako fantasiazko animazio filma da 'Coco' eta Mexikoko Heriotzaren Eguneko tradizioetan oinarrituta dago. Emanaldira mozorrotuta joateko eskatu dute antolatzaileek eta eskaera bat ere egin dute, familia bakoitzetik heldu bakarra sartzea antzokira.

'Kanela, kalabazak eta gatxak' ipuina heriotza bera eta heriotzak lantzeko modu ezberdinei buruz hausnarketa egiteko erabiliko dute eskoletan.

2022 10 19 kartela gaba beltza elgoibar izarra atxutxiamaika