BIDEOA: Sallobente Elkartearen 50. urteurreneko ospakizuna

Barren.eus 2022ko urr. 21a, 18:19

Sallobente elkarteak 50 urte bete ditu, eta joan zen zapatuan ospatu zuten urteurrena. 200 bat lagun batu ziren ospakizunean, denak auzotarrak, eta tartean, Sallobente Elkartearen sortzaileetako zazpi ere bai: Sebastian Gorrotxategi, Joxe Bollar, Isaac Osoro, Felix Juaristi, Sabin Txurruka, Kasiano Altuna eta Alberto Aldazabal.

Omenaldi berezia egin zieten hasierako haiei, eta baita bazkide gazteei ere, beraiek direlako etorkizuna. Elkartearen historia errepasatu zuten ekitaldian, eta historia hori biltzen duen liburua ere aurkeztu zuten. Jasone Osoro kazetari eta idazle elgoibartarrak ondu du liburua auzotarren istorio eta testigantzekin. Ospakizun xumea bezain hunkigarria izan zen.

Ospakizun ekitaldiko bideoa:

 Sallobente elkartea 1972an sortu zuten, baina Jasone Osorok elkartearen historia biltzen duen liburuan idatzi duenez, urtebete lehenago hasi ziren elkartea sortzeko lanetan. Auzoko gazte kuadrilla bat Sallobenteko tabernan lekurik gabe geratu zen domeka batean hasi zen dena. Garai hartan San Lorentzo taberna lepo betetzen zen, bai auzotarrez eta baita kaletarrez ere, eta iraileko domeka batean, mahairik gabe geratu ziren auzoko lau lagun. Haietako batek pentsatu zuen ogitartekoak eta edariak tabernan erosi eta eskola zaharra egon zen lokalera joatea. Lokala zabalik egoten zen, eta hala, lau lagun horiek eskola zaharrean egin zuten hamaiketakoa. Gustura egon ziren han, berriketan, barrez eta lasai.

Egun hartakoa ez zen, baina, gertakari puntuala izan, eta astero errepikatzea proposatu zuen lagunetako batek. Komentario hura zurrumurru bihurtu zen, eta bolo-bolo zabaldu zen eskola zaharra egon zen lokalean elkartea zabaltzeko asmoa zegoela. Astebete geroago laukote hura ez zen bakarrik egon eskola zaharrean. Jende gehiago batu zen, eta orduan bai, elkarte bat sortzeko lehen urratsak ematen hasi ziren. 1971ko irailaren 21a zen, eta elkartearen izena ere pentsatu zuten: Lagun Artea.

Elkartea sortzeko baimenak eskatu zituzten ondoren, Elgoibarko Udalean eta Lehen Hezkuntzako Ikuskaritzan, lehenengo. Haien baietza jaso ostean, Iriarte baserriko Joxe Arrizabalaga auzo alkatearekin eta Carlos Agirre parrokoarekin ere jarri ziren harremanetan. Ez zuten arazorik izan bi horien oniritzia jasotzeko ere, baina baldintza bat jarri zieten: Maiordomoari urtean 2.500 pezeta ordaindu beharko zizkion elkarteak. Eta baldintza hori gaur egun ere oraindik indarrean dago. Elkarteak 16 euro ordaintzen dizkio maiordomoari eta diru hori elizaren kutxara bideratzen da, konponketetarako bereziki.

Baimen guztiak eskuratu zituztenean, gutun bana bidali zuten auzoko baserri guztietara. Elkartea sortzeko ideia zegoela azaltzen zuten gutunean, eta 21 urtetik gorako guztiei egin zieten bazkide izateko gonbitea. 1.000 pezetako kuota eskatzen zen bazkide bakoitzeko, eskola zaharreko lokalean obrak egiteko. 29 auzotarrek eman zuten izena, eta hori izan zen Sallobenteko elkartearen hasiera.