Pornografiaren inguruko hausnarketarako tailerra egingo dute Lilan

Barren.eus 2022ko urr. 24a, 08:32

'Pornoa Vs. bizitza erreala' izeneko saioa egingo dute gaur Lilan, Elgoibarko Emakumeen Etxean. Pornoa seme-alabekin berba egin beharreko gaia dela uste dute, eta horixe izango da Loredi salegik gidatuko duen hausnarketa taldearen abiapuntua.

"Pornoa seme-alabekin hitz egin behar dugun gai bat da? Guk garbi dugu baietz. Eta zein helbururekin? Pornografia hegemonikoak, korronte nagusiko pornografiak, emakumeei ematen dien trataera bortitza eta ez- parekoa ikuspegi feminista batetik analizatzen laguntzeko", azaldu dute pornografiaren inguruan prestatu duten hausnarketa tailerraz. Askotan, pornoa nerabeentzako informazio iturri ia bakarra izateak zenbait

ondorio dituela ohartarazi dute, besteak beste, gaztetxoek irudikatzea horixe izan behar dela haien praktika sexuala.
Ele bietan emango dute emakumeentzako hausnarketa tailerra. Gaur, hilak 24, izango da Lilan, 18:00etan hasita. Parte hartzeko ez dago izena eman beharrik.


 • Urrutiko amatasunari buruzko hitzaldia
Hilaren 26an, berriz, urrutiko amatasunari buruz berba egingo du Norma Vazquez Garciak, 18:30ean hasita. Hitzaldi hau gaztelaniaz izango da, eta ez dago izena eman beharrik. Migratzen dugunean atzean usten dugunaz berba egingo du Vazquezek. "Migratzeko arrazoiak askotarikoak diren arren, kasu guztietan maite ditugun asko gure jaioterrian daude, eta saiatzen gara harremana urrunetik mantentzen. Skype, zoom, telefonoa, eta baita gutunak ere, gure bizitzetan txertatzen diren tresnak dira gure ama-lanak egiten jarraitzeko... Badakigu ez dela gauza bera, baina egin dezakegun bakarra da", dio. Honek guztiak migratzaileei sortzen dizkien sentipenez hitz egingo du, eta urrutiko amatasun bizipenak hobetzeko moduaz ere bai.