Asfaltatze lanak egingo dituzte Elgoibarko hainbat puntutan

Barren.eus 2022ko urr. 24a, 10:11

Erdiguneko kaleak zein landa-bideak hartzen dituen asfaltatze kanpaina hasi duela jakinarazi du Elgoibarko Udalak. Guztira hamazortzi puntutan egingo dituzte asfaltatze lanak. Gaur, adibidez, San Antolinetik San Pedroko etxeetara doan bidearen zati bat asfaltatuko dute.

Ibilgailu astunen joan-etorriak eta eguraldiak hainbat bidetan eragindako kalteak direla eta, hondatutako hainbat landa-eremu eta hiri-eremu konpontzeko kanpaina jarri du martxan Udalak. Beoain, Olazarraga, Aranburu, Jauregi eta Mintxetako bideetan hasi dituzte lanak, eta azaroan honako hiriguneak asfaltatuko dituzte: Ermuaranbide kalea, Karkizaoko igoera, Toletxe kalea 22 eta 30 zenbakidun atarien artean. Era berean, gune bigunak dituzten hainbat tokitan ere egingo dituzte zorua hobetzeko lanak: Santa Klara, Santa Ana, San Roke, Urazandi, Kalamua, Bernardo Ezenarro, Ermuaranbide, Toletxe kalea, Loritoko Aldapa eta Alkorta.

Gaur, hilak 24, San Antolinetik San Pedroko etxeetara doan bidearen zati bat asfaltatuko dute, eta bide hori itxita egongo da. Bihartik aurrera zabalik egongo dela zehaztu dute Udaletik.

Aipaturiko lan horietarako aurrekontua 218.944,99 eurokoa da, BEZa barne. Lanok azaroa amaitu baino lehen amaitzea aurreikusten dute.

2022 10 24 asfaltaketa lanak non elgoibar