"Dar-dar? Kar-kar!" izeneko saioaren baitan, ipuin argi-ilunak kontatuko ditu Maite Frankok, gauean kontatzen diren horietakoak. "Entzuten dituenari bihotza dantzan jarri eta barre-malkoak sortarazten dizkiote aldi berean. Beldurra eta barrea oso ondo ezkontzen direlako, txorizoa ogiarekin ezkontzen den bezain ondo, biak elkartu ditugu oraingo honetan, bikoitza gozatu ahal izateko", azaldu du emanaldiaz.
Hori bai, argi laga nahi du bere asmoa ez dela umeak izutzea; beldurrezko ipuinen aspaldiko eta betiko helburua ez baita hori. "Umeak ipuinen bitartez, fikzioan, alegia, entrenatzen dira errealitateari aurre egiteko. Bizitzan aurkituko dituzten 'benetako' une beldurgarriei aurre egiteko prestatzen dira 'gezurrezko”' istorio dibertigarri hauekin".
4 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzendutako saioa izango dela jakinarazi dute antolatzaileek eta saioa doan izango dela, liburutegian, 17:45ean. Saiorako gonbidapenak liburutegian bertan eskuratu behar dira.
• Arimen Gaua Ludotekan eta Gaztelekuan
Mendaroko Gaztelekuan eta Ludotekan ere ari dira Arimen gaurako prestatzen. Ludotekan Halloween Bingoa, Armiarmari hanka jarri, memoria beldurgarria, sorginen txanoa edota mozorroa eta karetak egiteko saioak antolatu dituzte aste honetarako. Gaztelekuan, berriz, urriaren 29an ospatuko dute Arimen Gaua. 'Zombies party' beldurrezko filma emango dute eta makillaje fantastiko saio bat ere antolatu dute. Azkenik, Zubigazte programakoek, Beldurraren Etxea antolatu dute urriaren 29rako.