Bikustik taldeak kontzertua emango du barikuan Herriko Antzokian

Barren.eus 2022ko urr. 25a, 12:02

Rock klasikoaren bertsio akustikoak joko ditu Bikustik talde elgoibartarrak, bariku honetan, Elgoibarko Herriko Antzokian. El Drogasek ere emango du kontzertua Herriko Antzokian, azaroaren 25ean, eta sarrera gutxi batzuk geratzen dira.

Jon Gurrutxaga (ahots nagusia eta gitarra laguntzailea) eta Patxi Zabaleta (gitarra eta koroak) osatutako bikoak, Bikustik taldeak, kontzertua emango du barikuan, hilaren 28an, Herriko Antzokian. 19:00etan hasiko da kontzertua. Besteak beste, The Beatles, Creedence Clearwater Revival, Led Zeppelin, Queen eta Chris Robinson talde mitikoen bertsioak joko dituzte musika emanaldian. Aspalditik dira lagun Gurrutxaga eta Zabaleta, eta Arima Beltza taldean elkarrekin aritu baino lehenago ere sarritan elkartzen ziren biak lokalean bertsioak egiteko. Handik sortu zuten Bikustik, 2008an. "Ezagun baten eskaera batekin hasi eta gustua hartu genion rock klasikoen bertsio akustikoak egiteari".
Elgoibarren emango duten kontzerturako sarrerak aurrez eros daitezke Herriko Antzokiaren webgunean 

 • El Drogasen kontzerturako azken sarrerak
Barricada taldearen 40. urteurreneko bira egiten ari da Enrique Villarreal Armendáriz 'El Drogas' abeslaria, eta azaroaren 25ean etorriko da Elgoibarko Herriko Antzokira. Sarrerak agortzear daude dagoeneko, baina oraindik badago bakanen bat erosteko aukera. 10 euroan daude salgai herrikoantzokia.eus webgunean.

2022 10 25 el drogas musika taldea