Azaroaren 10era arte dago Errigorako saskiak eskatzeko epea

Barren.eus 2022ko urr. 28a, 07:42

Gaurko egunez aurkeztu zuten estreinakoz jendaurrean Errigora; elikadura burujabetza, euskaltzaletasuna eta lurraldetasuna uztartzen dituen proiektua, 2013ko urriaren 28an. Bederatzi urteotan makina bat kanpaina egin dituzte; eta orain, martxan dute udazkenekoa.

Errigoraren saskiak eskatzeko epea azaroaren 10ean amaituko da. Internetez errigora.eus helbidearen bidez egin daiteke eskaera, eta telefonoz 848 871 223 zenbakian. Hiru saski daude aukeran.

  • Beltza, 55 eurotan: oliba-olio birjina estra, orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, botila ardoa, eztia, kardua, mahats-zukua, piper-mamia, teilak, molineritoak eta 2023ko egutegia.
  • Berdea edo ekologikoa, 65 eurotan: oliba-olio birjina estra, orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, botila ardoa, ardo-ozpina, tomate frijitua, arroz integrala, pasta, konbutxa tea, teilak, sagar-zukua, txitxirioak eta 2023ko egutegia.
  • Zuria edo berezia, 75 eurotan: oliba-olio birjina estra, orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, botila kriantza, ardo zuri apartsua, patxarana, ardi-gazta, patxaran-pastak, polboroiak eta 2023ko egutegia.

Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka, 'Bat egiteko garaia da' lelo hartuta abiatu dute udazkeneko kanpaina, eta Errigora aurrera eramateko auzolanak duen garrantzia nabarmendu dute. Bertakoa jan, ekonomian eragin, eta, gainera, euskara sustatu. Guzti hori da Errigora egitasmoaren saskia erosiz gero laguntzen dena. Izan ere, Nafarroa hegoaldeko jakiak erostean ordaindutako diru kopuruaren %25 bideratzen dute Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintza sendotzera. Hau da kanpainak uzten duen diru ekarpenaren zati bat Nafarroa hegoaldeko ikastolei, AEKren euskaltegiei eta zonaldean sare publikoan D eredua indartzeko Sortzenen dinamikei bideratzen zaie. Horrez gain, ekarpenaren beste zati bat Errigorarengandik jaiotako Agerraldia ekimenari bideratuko diote. Nafarroa erdialde eta hegoalde zabalean euskarari hauspo berria emateko sortu zen mugimendua da Errigora. Euskararen aldeko askotariko herritarrak saretzeko eta proiektuak aurrera eramateko. Egunetik egunera gero eta zabalagoa den komunitate batek ematen dio gorputza ekimenari; ilusioz eta anbizioz ari diren herritar, nekazari, ekoizle, euskaltzale eta kontsumitzaileez osatutako sare anitz batek. Txikitasunetik elkarlan handi bat gauzatu nahi dute "Nafarroak Euskal Herria behar duelako eta Euskal Herriak Nafarroa behar duelako".

2021eko kanpaina datuetan

  • 8.200 etxetara
  • 109.000 litro olio
  • 245.000 ontzi kontserba
  • 30.000 pakete arroz/pasta

 

 Errigoraren komunitatea koskortzen ari da. Gero eta gehiago dira kontsumitzeko erak aldatzeko hautua egin duten herritarrak eta, ondorioz, gero eta gehiago ekoizteko erak aldatzen ari diren nafar ekoizleak, emeki, baina pauso sendoz, tokiko elikadura-sistemen alde eginez. Ikus honako bideoan: