Gaztelupeko Hotsak disketxeak nazioarteko zein Euskal Herriko blues talde garrantzitsuak ekarriko ditu azaroan Soraluzera, Blues Hotsak jaialdiaren barruan. Steve Krase estatubatuarrak emango dio hasiera jaialdiari, domekan, arratsaldeko 19:00etan, Travellin Brothers euskal blues taldea lagun hartuta Herriko Antzokian eskainiko duen kontzertuarekin. Sarrerak 10 euroan salduko dituzte.
Gainerako hiru kontzertuak azaroaren hirugarren astean eskainiko dituzte. Azaroaren 18an (barikua), Itziar Yagüe & Paul San Martinek; azaroaren 19an (zapatua) Niko Etxart & Hapa-Hapak (iaz bertan behera gelditu zen kontzertua); eta azaroaren 20an, Carlton Jumer Smith & The Harrycane Orquestrak.
Kontzertu nagusi horiez gain, beste ekimen osagarri batzuk ere izango dira. Batetik, azaroaren 17an, kultura beltzaren inguruko 'The Black Woodstock' edo 'Summer of Soul (...Or, When the Revolution Could Not Be Televised)' dokumentala proiektatuko dute eta bestetik, azaroaren 20an Soraluzeko Musika Eskolako konboek kontzertua eskainiko dute.
• Sarrerak salgai
Dagoeneko lehen kontzerturako sarrerak salgai daude Soraluzeko Iratxo goxodendan eta gainerako kontzertuetarakoak ere datozen egunetan jarriko dituzte salgai leku berean.