Gaba Beltza ospatuko dute Elgoibarren eta Mendaron, Euskal Herriko txoko askotan 1950eko hamarkada aldera arte oso zabalduta egon zen usadioaren esentzia berreskuratu asmoz. Urriaren 31n, haur eta gazteek bide bazterretan arbi eta kalabaza hustuetan kandelak ezkutatu ohi zituzten garai batean, eta etxez etxeko eske errondak ere egiten zituzten. Horren harira, eta Elgoibarko Hezkuntza Mahaiak antolatuta, ibilaldi beltza egingo dute gaur Elgoibarren, Kalegoen plazatik Maalaraino, 19:30ean abiatuta. Tarte horretan kaleko argiak itzalita egongo dira eta erakusleihoak Egur arte tailerreko ikasleek egindako artelanekin egongo dira apainduta. Bidean, herriko zenbait eragilek, hainbat ekintza egingo dituzte.
Parte hartuko dutenei etxeko trapu zaharrak jantzita joateko eskatu diete antolatzaileek, nahi izanez gero lastozko kapela jantzita. Hala ere, eta etxean mozorrotzerik ez dutenentzat, atontze tailerra ere jarriko dute Kalegoen plazan, 18:00etatik aurrera. Aurpegiak margotzeko edota buruak estaltzeko izara zatiak prestatzeko aukera ere izango da han. Maalan bukatuko dute eguna, ekitaldi batekin.
∞Lotura duten albisteak:
- Gau Beltza ospatuko dute Mendaron urriaren 31n (2022-10-26)
- Gaba beltza antolatu dute Elgoibarko Hezkuntza Mahaiko eragileek, garai bateko usadioen usainean (2022-10-19)
- Haitzulo beldurgarrian, Katasorginaren bila (2021-11-03)
- Arimen Gaua, irudietan (2021-11-02)