Garai bateko usadioan, Gaba Beltza ospatuko dute aurten Elgoibarren zein Mendaron. Euskal Herrian ohitura izan den bezala, urriaren 31n ospatuko dute gaba beltza Mendaron. Elgoibarren, aldiz, pixka bat aurreratu dute ospakizuna eta atzo irten ziren kalera. Elgoibarko Hezkuntza Mahaiak antolatuta, ibilaldi beltza egin zuten, Kalegoen plazatik Maalaraino. Kaleko argiak itzali eta kandelak piztu zituzten, eta perkusio donuek girotuta egin zuten ibilbidea, atzetik segika segizio luzea zutela. Bidean, herriko zenbait eragilek, hainbat ekintza zitzten prestatuta. Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolako ikasleek, adibidez, dantza saioak egin zituzten Kalebarren plazan eta Maalan. Bidean pasa zituzten saltokietako erakusleihoak ere Gaba Beltzerako propio apainduta zeuden, Egur arte tailerreko ikasleek egindako artelanekin.
Nahi zuen orori txokolate beroa banatuz amaitu zuten ibilaldi beltza. Garairako ohikoagoak diren tenperaturak aurreikusiko zituzten antolatzaileek ideia ondu zutenean, hotzari aurre egiteko txokolate beroa banatzea, baina termometroak 20 gradutik gora markatzen zuela banatu zuten, azken asteetan ohikoa izan den tenperaturarekin, alegia. Hotz ala bero gutxik egin zioten muzin txokolateari.
∞Lotura duten albisteak:
- Gau Beltza ospatuko dute Mendaron urriaren 31n (2022-10-26)
- Gaba beltza antolatu dute Elgoibarko Hezkuntza Mahaiko eragileek, garai bateko usadioen usainean (2022-10-19)
- Haitzulo beldurgarrian, Katasorginaren bila (2021-11-03)
- Arimen Gaua, irudietan (2021-11-02)