Sormena eta euskal kontzientzia ardatz dituen hitzaldi musikatua emango du Mikel Inuntziagak barikuan

Barren.eus 2022ko aza. 2a, 11:03

Mikel Inuntziaga "Inun" musikari zornotzarrak sormenean eta euskal kontzientzian oinarritutako hitzaldi musikatua emango du Elgoibarren, barikuan, azaroaren 4an.

Euskaraldia programaren barruan antolatu dute elkarlanean Elgoibarko Euskaraldia Taldeak, AEK Euskaltegiak eta Debabe Udal Euskaltegiak, eta euskara-ikasleentzat eta Tertuliak programako kideentzat prestatu dute bereziki. Izan ere, ekimen honekin Elgoibarko hainbeste jenderi euskara ikasteko egin duen ahalegina eskertu nahi diotela azaldu dute. Hala ere, bestelako jendearentzat ere ateak zabalik egongo dira.

Elgoibarko Kultur Etxeko sotoan izango da hitzaldi musikatua, azaroaren 4an, 19:00etan hasita.

Mikel Inuntziaga "Inun" (Zornotza, 1983) abeslariak 2014an ekin zion bere musikari ibilbideari eta bost disko ditu: Berreginez (2014), Da nola (2016), Aingurak (2018), Nana Nana (2020) eta Dena zuretzat (2022). Musikari bizkaitarra formatu desberdinetan aritzen da: bakarka zein taldean, eta horrez gain, kolaborazioak egiten beste sortzaile batzuekin (Bernardo Atxaga, Itxaro Borda, Miren Agur Meabe, e.a.). Hona bere burua aurkezteko sortu duen bideoa.