Azaroaren 25aren harira antolatu dituzten ekintzen berri eman dute Elgoibarko eta Mendaroko Udalek

Barren.eus 2022ko aza. 3a, 14:57

Ekintza ugariz osatutako egitarauak aurkeztu dituzte Elgoibarko zein Mendaroko Udalak, azaroaren 25aren harira.

Elgoibarko Udalak zehaztu duenez, hamahiru ekimen antolatu dituzte Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako egunari begira, eta horiez gainera ohiko elkarretaratzea egingo dute Kalegoen plazan, azaroaren 25ean. Barikuan izango da aurtengoa. Elgoibarko Udaletik nabarmendu dutenez, espazio publikoaren erabileran jarri nahi dute aurten arreta edo fokua, espazio publikoa berdintasun-baldintzetan erabiltzeko. “Espazio publikoa berdintasunean oinarrituta erabiletzea murrizten duten askotariko mekanismoen artean, sexu-indarkerian jarri nahi dugu fokua, izan ere, mundu osoko emakumeak eta neskatilak espazio publikoan sufritzen ari dira", adierazi du Ane Beitia alkateak, prentsa ohar bidez.

“Emakumeen eta nesken aurkako sexu-indarkeriak, indarkeria matxista normalizatuaren testuinguruan, helburu argia du, funtzio sozial zehatz bat: emakumeak kontrolatzea eta haien askatasuna murriztea, hain zuzen ere. Zehazki, jai eta aisialdi-testuinguruetan gertatzen den sexu-indarkeriak emakumeen sexualitatea kontrolatzeko funtzio hori betetzen du. Era berean, haien nahia, gorputza, mugikortasuna, espazio publikoaz egiten duten okupazioa, gizarte-harremanak eta berdintasun baldintzetan gozatzeko eskubideak kontrolatzea ere bai” azaldu du Beitiak. Eta gaineratu du toki-administrazioei dagokiela, politika publikoen eta herri-plangintzaren bidez, espazio publikoak emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko "leku lagunkoi" bihurtzea.

Mendaron ere antolatu dituzte ekitaldiak. Hasteko, zapatu honetan, azaroaren 5ean, ipuin kontaketa saioa emango du Elssie Salvadorrek San Agustin aretoan.

Hona Elgoibarrerako eta Mendarorako prestatu dituzten egitarauak:

2022 11 03 azaroak 25 egitaraua elgoibar udala kartela

2022 11 03 Azaroak 25 Mendaro udala KARTELA