Elgoibarko Kalamua Guraso Elkartetik jakinarazi dute auzolanean dihardutela lanean seme-alaben ongizatea, kalitatezko hezkuntza, hezkidetza, inklusioa eta gizarte kohesioa sustatzeko, eta gizarte aurrerakoi eta iraunkor bat lortzeko; eta, prozesu horretan Elgoibarko Udala dute bidelagun.
Guraso elkartetik nabarmendu dutenez, jolasa ezinbesteko beharra da haurrentzat, gizakion garapenerako "motorra" baita. "Jolasak gorputza eta zentzumenak garatzen ditu, adimenaren garapena suspertzen du, komunikazioa eta sozializazio prozesuak indartzen ditu eta garapen emozionala ahalbidetzen du. Hau da, umeak jolasaren bidez eskuratuko du garapen osoa. Hori horrela izanik, jolasean arituta garapena bultzatzen duen gune apropos bat gauzatu dugu, komunitate osoarentzat”.
Asmo horretan itxuraldatu dute Herri Eskolako kanpo espazioa. "Gure helburuak izan dira gauza askotarako balio duen espazio bat sortzea, espazio horren erabilera bidezko bat egiten dela bermatzea, bizikidetza, inklusioa eta errespetua sustatzen duen gune bat diseinatzea eta sortzea, natura lehenesten duena, eta umeen jolasa, eta ondorioz, umeen osasun fisikoa, psikikoa eta soziala babestea".
• Natur gunea, lau guneetako bat
2019an hasi zuten prozesua elkarlanean garatu dute Hezkuntza komunitate osoak eta Elgoibarko Udalak. Proiektuak gune ezberdinak ditu aipatutako helburuak lortze aldera: Haur Hezkuntzako jolastokian hiru gune berri sortu dituzte: gune artistikoa, natur gunea eta mugimendu gunea. Lehen Hezkuntzako jolastokirako, berriz, lau gune egitea aurreikusten dute: gune artistikoa, gune sinbolikoa, mugimendu gunea eta natur gunea. Hain zuzen, azken hori da umeak oporretan zirela aprobetxatuz joan den udan eraiki dutena.
Eremua txukundu dute, hormak egokitu eta zoru berria ipini. Egurrezko trabesez osatutako eskailera eta zintarriak ditu gune berriak, egurrezko egitura duen harmaila, eserleku berriak eta soka egitura ugari. Udalak finantzatu du lana eta aurrekontua 15.876,1 eurokoa izan da, BEZ barne.