Thailandiako iparralde menditsuan, Bangok hiriburutik 700 kilometrotara dagoen Chang Mai hirian jokatu dute aurtengo munduko txapelketa (World Mountain & Trail Running Championship). Estreinakoz txapelketa berean batu dituzte mendiko lasterketa motzak eta distantzia luzekoak. Pandemiagatik bi urtean atzeratu behar izan duten txapelketan 56 herrialdetako 900 mendi lasterkarik hartu zuten parte distantzia desberdinetako probetan, eta tenperatura eta hezetasun handiarekin lehiatu behar izan zuten.
Maite Maiora mendaroarrak 80 kilometroko eta 4.910 metroko desnibeleko ultra trail proban parte hartu zuen, eta zortzigarren postuan sailkatu zen. 8 ordu, 56 minutu eta 42 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Blandine L'Hirondel frantziarra gailendu zen proban (8:22:14), Ida Nilsson suediarrak egin zuen bigarren (8:34:59) eta Gemma Arenas espainiarrak hirugarren (8:46:27)
Taldekako sailkapenean, baina, bigarren postua lortu zuten Espainiako ultra trail lasterketen selekzioa ordezkatu zuten bost atletek: Gemma Arenas (3. postua), Maite Maiora (8. postua), Marta Molist (15. postua), Monica Vives (26. postua) eta Azara Garcia de los Salmones (33. postua). Taldeka Frantziako selekzioak lortu zuen urrea, eta Italiakoak brontzea.
Maiora "oso pozik" dago Tailandian lortutako zortzigarren postuarekin, batez ere denboraldiaren amaiera dela aintzat hartuta, aurrez jokatutako proba guztietan eginiko ahalegina igartzen duelako gorputzean eta buruan. Selekzioko taldekideei eta talde teknikoari eskerrak eman dizkie Maiorak, egin duten ahaleginagatik antxitxikariei, eta, "lasterketan eta Thailandian igaro ditugun egunetan eman diguten laguntzagatik eta babesagatik" talde teknikoari.
Argazkiak: Jose Muiguel Muñoz.