Bi parte izango ditu Jazz egunak: batetik, bermutaren orduan, 13:15etik aurrera, jazz saioa emango dute Alberto Arteta saxo-jotzaileak eta Javier Callen kontrabaxu jotzaileak, Uztargin. Gauean, 21:30etik aurrera, jaialdia izango da San Agustin kultugunean. Move Quartet taldea dago kartelburuan, baina hasierako gonbidatu gisa arituko dira Josu Salegi Agirregabiria saxofoi jotzaile debarra buru duen konbo taldea lehenengo, eta Mendaroko Ameikutz musika eskolako Haizea Urkia eta Aitor Huergo ikasleak gero, nor bere aldetik. Ordubete inguruko saioa izango da haiena, 22:30ean hastekoa delako Move Quarteten kontzertua. Sarrerak Morroskillone eta Debako Arena tabernan daude salgai, hiru euroan.
• MOVE Quartet
Borja Barrueta, Alberto Arteta, Javier Callen eta Iñigo Ruiz de Gordejuelak osatzen dute Move Quartet. Jazz tradizio klasiko eta folklorikoa oinarritzat hartuta, herri musika garaikidearen ukituko musika egiten dute itzal handiko lau musikariok (ikus taldeari buruzko dokumental laburra).
- Iñigo Ruiz de Gordejuela da, beharbada, gurean taldeko ezagunena besteak beste Mendaron jaioa delako eta Ameikutz musika eskolako irakasle ere izan delako aldi batez. 28 urte ditu, musikari familia bateko kide da eta hamaika proiektu musikaletan murgilduta dabil aspaldian. Gasteizko Guridi kontserbatorioan hasi zituen ikasketak eta Bostonen eta Erresuma Batuan ikasitakoa da bekadun. Estatu Batuetan, Guillermo Klein, Donny McCaslin, Miguel Zenon, Dave Holland, Ran Blake, Darcy James Argue, Carmen Lundy... musikari entzutetsuekin aritutakoa da, besteak beste. 2014an, Amalur proiektua sortu zuen, eta sari ugari pilatutakoa da bere gaztean.
- Alberto Artetak, berriz, Iruñeko Pablo Sarasate Goi Mailako Musika Kontserbatorioan hasi zituen musika ikasketak eta Amsterdamgo Conservatorium Van ikastetxean jarraitu zuen gero, Dick Oatts, Gerald Clayton, Ferdinand Povel, Dave Douglas, Gary Foster eta Don Menzaren mailako musikariekin. Hogei disko baino gehiago ditu grabatuta eta Europako jazzaren panoramako jaialdi eta lokal handienetan jotakoa da. Gaur egun, saxofoi irakaslea da Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan.
- Borja Barrueta bateria-jotzailea, berriz, bilbotarra da, eta besteak beste, Jorge Drexler, Carmen Paris, Javier Colina, PericoSambeat, Jorge Pardo, Ara Malikian, Josemi Carmona, Joe Lovano eta Lionel Louekeren mailako musikariekin jotakoa da. Zineko soinu-bandak ere egin izan ditu, maila handiko konpositoreekin, besteak beste Alberto Iglesias edo Fernando Velazquezekin.
- Taldeko kontrabaxu jotzailea, Javier Callen, biolina jotzen hasi zen umetan, baina instrumentua aldatu eta ibilbide oparoa osatu du gaur arte. Musikako Goi Mailako titulua du eta irakasle eta musikari profesional izatetik bizi da. Jazzean dago espezialdua, eta Euskal Herriko eta estatuko jazz jaialdi entzutetsuenetan jotakoa da.
Move Quarteten abestiak entzuteko: https://move4tet.bandcamp.com/album/move