Autonomia Sustatzeko Zentroa izeneko zerbitzu berria jarriko dute martxan Elgoibarko Udalak eta Bizitzen Fundazioak, elkarlanean. Sustatzaileek azaldu dutenez, gune aktiboa izango da, sozializaziorako eta errehabilitaziorako gunea. Adineko pertsonentzako izango da, bereziki bakardade edo kalteberatasun-egoeran daudenei, edo mendetasun-prozesuak hasteko arriskuan daudenei zuzendua. Azaroaren 14tik aurrera egongo da martxan.
Elgoibarko alkate Ane Beitiak eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Blanca LarraƱagak azaldu dutenez, zerbitzuaren helburua pertsona horien autonomia, fisikoa zein kognitiboa, eta ongizatea mantentzeko baliabide berri bat eskaintzea izango da. Estimulazio kognitiboko, psikomotrizitateko eta jarduera ludiko eta sozializatzaileko jarduerak egingo dituzte zerbitzuko erabiltzaileek.
Zerbitzua astelehen, asteazken eta ostiraletan izango da, 10:00etatik 13:00etara, Elgoibarko Jubilatuen Biltokiko Erabilera Anitzeko gelan, eta Bizitzen Fundazioko psikologo batek dinamizatuko du.
Programa pilotua da eta hamabi erabiltzailerentzako lekua egongo da lehen probaldi honetan. Programak Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza du.
Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, deitu Elgoibarko gizarte zerbitzuetara, 943 741 050 telefonora, edo idatzi ongizatea@elgoibar.eus helbide elektronikora.