BARREN ere saritu dute Tokikom Sarietan

Barren.eus 2022ko aza. 14a, 12:37

Tokikomek, toki komunikabideen bateraguneak, Tokikom Sariak banatu zituen barikuan, Oñatiko ArantzazuLABen.

BARREN Komunikazio Proiektua saria jasotzeko izendatuen artean zegoen, eta jaso du saria, ...saria jasotzen bakarra izan ez den arren. Parte hartzaile guztiak sorpresaz hartuta, Tokikomek bere bazkide guztiak saritu ditu aurtengoan, taldea ofizialki eratu zenetik 10 urte bete berri diren honetan, elkarrekin egindako bidea ospatu eta aldarrikatzeko. Tokikom eratzeko erabakia hartu zuen Euskaltzaleen Topagunetik hasita, iaz taldera batu zen Begitu hamaboskarira, saritu guztiek sorpresaz eta atseginez hartu zuten jasotako omenaldia. Honenbestez, esan daiteke euskarazko tokiko kazetaritza izan dela irabazlea Tokikom sarien ekitaldi berezi honetan. Gaur-gaurkoz, 28 bazkidek osatzen dute Tokikom, guztira 74 hedabide kudeatzen dituztenak: 32 webgune, 28 aldizkari, 5 telebista eta 9 irrati, eta 240 langilek dihardute taldeko komunikabideetan lanean. (ikus Tokikom sareko toki komunikabideen mapa)

2022 11 11 tokikom sariak arantzazu jasotzen

Iban Arantzabal Tokikomeko lehendakariak hartu zuen hitza sari banaketa ekitaldiari hasiera emateko. Azaldu zuenez, euskararentzako estrategikoa da hedabideetan ere euskaraz egitea: "Asko dauka irabazteko eta bidea egiten jarraitu beharko dugu". Nabarmendu zuenez, egiteko garrantzitsuak kalitatea eta elkarlana dira.

Tokikomeko IKT eta Komunikazio zuzendariak, Joxe Rojasek azaldu zuenez, perspektiban jarrita, espero zutena baino askoz ere gehiago aurreratu dute Tokikom martxan jarri zenetik. "Aurrerapen hori, oinarrian, bazkide guztiek denbora honetan egindako ahalegina eta bultzadari esker izan da, eta iruditu zaigu gaurkoa aukera ezin egokiagoa zela ahalegin eta lorpen horiei benetan duten meritua aitortzeko”.

 • Komunikabide taldetik komunikazio taldera
Sariak banatzeaz gain, Tokikomen hamar urteko historiari errepaso azkar bat egin zioten ekitaldian, '10 urte, hamaika ahots' ikus-entzunezkoaren bidez. Hona hemen bideoa:

Baina iraganari baino, etorkizunari begiratzeko eguna izan zen. Bazkideak protagonista izan ziren mahainguruetan, Tokikomek talde gisa hurrengo urteetarako dituen erronkak izan zituzten hizpide. “Handienetako bat Tokikom-en beraren izaera eraldatzea da”– esan zuen Alaitz Artolazabal, Zuzendari Nagusiak – “gure hausnarketa estrategikoan onartuta daukagu Tokikom komunikabide talde izatetik komunikazio talde izatera pasatu behar dugula, eta horren inplikazioak zehazten joan behar dugu pixkanaka-pixkanaka”.

 • Finantzazio formula berriak
Bigarren erronka handia taldearen zein osatzen duten komunikabideen finantzazioan datza. Tokikomeko presidente Iban Arantzabalek bi ildo nagusi azpimarratu zituen: "Alde batetik, munduko beste komunikabide guztiek bezala, formula berriak bilatu behar ditugu gure komunitatearen sostengua handitzeko: kidetza formula berriak sortu, produktu berriak eskaini, harreman estuagoa garatu tokian tokiko merkatariekin... Eta bestetik, dirulaguntza publikoen gaian ere, erakundeekin azken urteetan landutako akordioetan sakondu eta formula berriak adostera jo beharko genuke, betiko laguntza lehiakorren eskematik atera eta hitzarmen egonkorragoak lortu, oraingo laguntzen ziurgabetasunarekin amaitzeko".

Arantzazuko ekitaldian parte hartu zuten hainbat politikarik: Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria, Mikel Arregi Nafarroako Gobernuko Euskarabideako zuzendaria, eta Garbiñe Mendizabal zein Xabier Arauzo, Gipuzkoako zein Bizkaiko Foru Aldundietako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak.
Estibaliz Alkortak eta Garbiñe Mendizabalek elkarlanen jarri zuten azpimarra. Alkortak adierazi zuen Tokikomek Eusko Jaurlaritza bidelagun duela, eta denborak erakutsi duela bidea elkarlana dela. Mendizabalek, bestalde, elkarlanean lan egitea "errentagarriagoa" dela esan eta eskaera egin zuen: "Elkarlana behar dugu zuen eta gure artean; izan ere, gure hizkuntzaren normalizazioak elkarlana beharko du eta gure herriaren normalizazioak ere elkarlan hori behar du".

 • 2023an ospakizun publikoa
Tokikom Sariak banatzeko egin zuten ekitaldia barrura begirako ariketa bat izan da, bazkideen gogoak eta espektatibak sinkronizatzeko saiakera bat, baina ez da izango TOKIKOMek hamargarren urteurrenarekin lotuta egiten duen ekitaldi bakarra.
Datorren astean bertan, Tokikomeko dozena bat lagunek ostatutako taldea Bartzelonara joango da, ACPC- Associació Catalana de Premsa Comarcal elkarteak bere 40. urteurrena ospatzeko antolatutako topaketetara.
Gainera, TOkikomek aurreratu du 2023an jardunaldi publikoak antolatuko dituela, Europa mailako tokiko komunikabideen errealitatea eta erronkak hizpide.

2022 11 11 tokikom sariak arantzazu danak