Euskal Herriko gazte dantzari onenak lehiatu ziren 15 urtetik gorako dantzarientzako txapelketan, hamasei dantzari guztira, eta horien artean ziren Inazio Bereziartua Musika eta Dantza eskolako hiru ordezkari: Jon Etxeberria, Eneko Etxaniz eta Maddalen Oñederra. Parte hartzeko izena emanda zeuden Markel Goenaga eta Jone Gil ere, baina orkatileko bihurritu batengatik Goenaga, eta gaixorik zegoelako Gil, ezin izan zuten parte hartu. "Pena handia da horrenbeste saiatu eta entsegu ordu mordoa egin eta gero parte hartu ezin izana", adierazi dute eskolako arduradunek. Dantza egiteko aukera izan zuten hiru dantzariez maila bikainean aritu zirela azaldu dute. "Maila oso handia eduki zuen txapelketak, horrelako txapelketetan ohikoa den moduan, parte hartzen duten dantzariak gogor entrenatu ostean aurkezten baitira lehiara, ispiluaren aurrean detaile guztiak zuzentzen konta ezin ordu pasa eta gero".
2017 urtera arte sexuaren arabera bereizitako bi Euskadiko Txapelketa antolatzen zituzten; Aurresku txapelketa, gizonezkoentzat zena, eta Soinu Zahar txapelketa, emakumezkoentzat zena. 2018an, ordea, dantzari guztiek txapelketa bakar batean parte hartzea erabaki zuten. Era honetan sortu zen egun Gipuzkoar erara antolatutako Euskadiko Aurresku Txapelketa Nagusia gisa ezagutzen den lehiaketa.
Hondarribian jokatu zuten laugarren edizioan Mattin Etxebeste oiartzuarrak lortu zuen puntuaziorik altuena, eta bera da Euskal Heriko txapeldun berria. Honenbestez, datorren urteko txapelketara arte, Oiartzungo udaletxean Tomas Murua eskulturgilearen lana gordetzeko ohorea izango dute, horixe baitute ohitura txapelketa honetan. Parte hartzaile bakoitzak bi dantza aurkeztu zituen epaimahaiaren aurrean; Soinu Zaharra (Betronio handia, Ehun daukat edo Grazianaren artean aukeratu behar zuten), eta aurkez aurke edo desafioa. Puntu gehien batu zituzten sei dantzariek Zortzikoa dantzatu zuten gero. Epaimahaia Jose Luis Vallejok, Katerin Artolak eta Nahikari Vizuetek osatu zuten.
Nagusientzako txapelketak bukatu dira honekin, datorren urteko irailera bitartean. Izango da, baina, dantzarion trebetasuna gertutik ikusteko aukera, aurki. Inazio Bereziartua eskolak San Bartolome parrokian ematen duen Eguberrietako kontzertuan hartuko dute parte aurresku dantzariek. Honako hauek: Nerea Galindo, Malen Galarraga, Jon Etxeberria, Eneko Etxaniz, Markel Goenaga, Jone Gil eta Maddalen Oñederra.
Gazteen Aurresku Txapelketako liga, berriz, urtarrilean hasiko da, eta zazpi ordezkari izango ditu Inazio Bereziartua eskolak: Haizea Luluaga, Sare Meabebasterretxea, Unax Ansola, Irene Toledano, Uxue Cabrera, Duna Santos eta Elaia Etxaniz.