Elgoibarko 103 entitatetan egingo dute Euskaraldia ariketa, eta 366 arigune sortu dituzte horretarako

Barren.eus 2022ko aza. 18a, 10:56

Gaur, azaroak 18, hasi da Euskaraldia ariketa sozialaren hirugarren edizioa. Euskara jakin eta ulertzen dugunon artean euskara gehiago egitea da ariketaren helburu nagusia eta oraindik zabalik dago ariketan izena emateko epea. Oraingoz, 1.359 lagunek eman dute izena.

Gaur hasi eta abenduaren 2ra arte izango da Euskaraldia. 15 eguneko iraupena izango du ariketak. Euskal Herri osoan egingo da eta Elgoibarren ere dena prest dago ariketari ekiteko.

Entitateei dagokienez, Elgoibarko 103 entitatetan egingo da ariketa, eta 366 arigune sortu dira horretarako. Norbanakoei dagokienez, berriz, une honetan 1.359 lagunetik gora daude izena emanda, eta 1.500 inguru izango direla aurreikusten du Elgoibarko Euskaraldia Taldeak. Izena emandakoen artean 986k ahobizi (%72,5) rola aukeratu dute eta 373k belarriprest (%27,5) txapa eramatearen aldeko autua egin dute. Oraingoz, Elgoibarko 797 emakumek (%59), 559 gizonek (%41) eta 3 ez bitarrek.
Euskararen erabilera areagotzeko Euskal Herrian inoiz egin den ariketa sozial handiena da Euskaraldia, eta Elgoibarko Euskaraldia Taldeak oraindik izena eman ez duten 16 urtetik gorako herritarrak animatu nahi ditu izena eman eta ariketa egitera.

Aurkezpen ekitaldia: Elgoibarren larunbat honetan izango da Euskaraldia ariketaren aurkezpen ekitaldia. Maalako parkean izango da, 13:30ean hasita. Elgoibarko Euskaraldia Taldeak, Biraka dantza elkarteak eta Inazio Bereziartua Musika Eskolak antolatu dute ekitaldia elkarlanean. Euskaraldian izena eman zein txapak jasotzeko aukera ere egongo da Maalan.
Hasiera dantzan emango badiogu, itxiera kantuan izango da. Abenduaren 1ean Jon Maiaren 'Kantu bat gara' ikuskizuna emango dute Elgoibarko Herriko Antzokian. Sarrerak dagoeneko salgai daude hemen.