Elgoibarko Euskaraldia Taldeak gaur goizean hartu du erabakia. Jakinarazi dutenez, aurreikusitako orduan izango da hasiera jaia, bihar (azaroak 19) 13:30ean, baina Maalako parkean.
Dantza eta musika uztartuko dituen ekitaldia antolatu dute elkarlanean Elgoibarko Euskaraldia Taldeak, Biraka dantza elkarteak eta Inazio Bereziartua Musika Eskolak. "ikustekoa eta bizitzekoa" izango dutela jakinarazi dute eta parte hartzera dei egin diete herritarrei. 2014tik hona ekitaldi indartsuak antolatu izan dituzte Euskararen Nazioarteko Egunaren eta Euskaraldiaren bueltan, Elgoibarren, eta aurtengorako ere prest dutela kaleak jendez betetzeko moduko ekitaldia esan dute.
Euskaraldian izena eman zein txapak jasotzeko aukera ere egongo da Maalan.