Eraikinak berritzeko edo irisgarritasun obretarako zazpi laguntza eskaera jaso ditu Udalak eta hiru onartu dituzte

Barren.eus 2022ko aza. 21a, 10:53

Martxoan iragarri zuen Udalak 145.000 euroko aurrekontu-partida gorde zuela bizitegi-eraikinak birgaitzeko edota irisgarritasun obrak egiteko.

Oinarri horietan bost dirulaguntza lerro aurreikusten zituzten: oin berriko igogailua jartzeko, teilatua birgaitzeko, egitura sendotzeko, fatxadak berritzeko eta eraikinaren instalazio elektrikoa osorik berritzeko.

Guztira, zazpi eskabide jaso dituztela jakinarazi dute orain, eta horietatik hiru onartu dituztela. Hori horrela, 33.000 euroko dirulaguntzak banatuko ditu Udalak bizitegi-eraikinak birgaitu edota irisgarritasun obrak egiteko. Bi eraikinek 10.000 eurona jasoko dituzte, eta hirugarren batek, 13.000 euro. Dirulaguntzak onartu ahal izateko, eraikinek egurrezko egitura edo egitura mistoa izan behar zuten, eta atzera bota dtiuzten lau proposamenak hormigoizko egiturako eraikinetarako ziren.