Gutxienez 300 lagun behar dituzte zapatuan irudikatu nahi duten dorre eolikoa osatzeko

Barren.eus 2022ko aza. 22a, 16:57

Elgoibarko Karakate Bizirik plataformak antolatuta, eoliko baten tamainaz jabetzeko ekimena egingo dute zapatuan. Gutxienez 300 lagun behar dituzte Kalebarren plazatik Santa Ana kalera arte irudikatu nahi duten eolikoa osatzeko. Dagoeneko 100 lagunek eman dute atxikimendua, eta haietako batzuen berba eta irudiekin bideo bat osatu dute.

Karakateko inguruetan Green Capital enpresak ipini nahi dituen dorre eolikoetako bat  neurri errealean irudikatuko dute zapatu eguerdian Elgoibarren, eta horretarako 300 bat lagun behar dituzte. 12:30ean hasiko da, Kalebarren plazan, eta handik hasita osatuko dute eolikoa. Oinarria Kalebarren plazan izango du, eta San Bartolome kalean gora abiatuko da zutoina. Kalegoen plazara iristean, Txankakuako zubi aldera joango dira batzuk, Parrokiaren hegaletik estazio aldera doazen eskaileretara besteak, eta Santa Ana kalera jarraituko dute beste batzuek, eolikoaren aspak irudikatzeko. Aterki beltz edo iluna eramateko eskatu dute. Hona zapatuko ekimenera herritarrak animatzeko zabaldu duten bideoa:

Green Capital enpresak Karakaten eraiki nahi dituen haize erroten kontra indarrak biltzeko ahaleginean jarraitzen du Karakate Bizirik plataformak. Proiektuak kontrako iritzi asko bildu ditu. Elgoibarko Udalak berak ere aho batez egin zuen maiatzean Green Capitalek Karakaterako dituen asmoen kontra, baina plataformatik ohartarazi dute bere bidea egiten ari dela enpresa eta prozesua azken fasean sartu dela. ‘Ezin dugu guardia jaitsi”. 

Informazio osoagoa hemen.