Islandia, Suedia eta Finlandia herrialdeei buruzko hainbat gai maisuki argitu ostean, "Mihiluze" saioko sari potoloa lortu dute Aitor Blancok eta Joanes Rodriguezek, 15.998 euroko zakua etxera eramatea.
Pozik da elgoibartarra irabazitako sariarekin, eta "spoiler txiki bat" ere egin digu, gaur gauean eta beste zenbait egunetan ere jarraituko duela saioan. Astelehenetik ostegunera ematen dute Mihiluze, 21:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.
Lehiaketan lagun izan duen Aitor Blanco nondik ezagutzen duen ere azaldu du Rodriguezek, eta baita saria zertan gastatzeko asmoa duen ere bai. "Iruñeako Txantrea auzoko da Aitor eta Nafarroako Unibertsitatean egiten du lan. Unibertsitatean Itzulpengintza ikasten ari zela ezagutu zuen Amaia Lersundi elgoibartarra, nire bikotekidea dena. Ikaskide askok moduan, Mihiluze saioko jarraitzaileak ziren, eta bai Amaia eta bai Aitor Mihiluzen parte hartutakoak dira, Kike Amonarrizek eta Ilaski Serranok aurkezten zuten saioaren lehen etapa hartan, 2008 urte inguruan. Gerora, euskal telebistako saio askotan parte hartutakoa da Aitor, Mihiluzen ere bai berriro, eta errekorra ere ezarri zuen hogei saioan jarraian egon zelako. Finalik, baina, ez zuen irabazi. Aurten, saioa bueltatu zela eta, berriro parte hartzeko gogoa piztu zitzaion, eta lagunik ez zuela topatzen-eta niri aipatu zidan, elkarrekin bikote osoa osatuko genuela esanez. Euskara eta literatura gaiak menperatzen ditu berak eta kultur gaiak nik. Baietzkoa esan nion, bi aldiz pentsatu gabe. Esperientzia berrien egarri nagoen sasoia bizi dut eta lanean ingelesa sarri erabiltzen dudanez, euskara gehiago erabiltzearen falta igartzen dut. Hortaz, osagai guzti horiek kontuan hartuta, eta azken urteetan albiste txar asko izan ditudala nire bizitzan, aita-amen heriotza eta pandemia bereziki, han joan ginen euskara eta ETB1 kateari babesa ematera, Mihiluzera", azaldu du. Casting-ean parte hartzeko bideoak bidali eta lehiakide izateko onartu zituzten. Urriaren 18an eta 25ean grabatu zituzten orain ematen ari diren saioak.
Zakua irabazi duten saioa bere bikotekideari eskaini ziotela azaldu du, "Amaiaren 30. urtebetetzea zenez, eta Aitor eta biok ezagutzeko zubilanak berak egin zituenez, berari eskaini genion, eta horrez gainera ezkontzera goazelako martxoaren 18an. Bizitzako beste etapa bat hasiko dugu eta Mihiluzen irabazitako dirua bidaiaren bat egiteko erabiliko dugu. Ezkonbidaian Japoniara eta Filipinara joatea da gure asmoa, eta Islandiara joatea ere gustatuko litzaiguke, kasu horretan Aitor eta bere emaztearekin batera. Iazko neguan Finlandian eta Suedian pasa genituen Gabonak Amaiak eta biok, Ipar Poloan aurora boreala ikusten eta hango hiribiruak ezagutzen. Eta orain, eremu horietan ikusteko falta zaigun Islandia bisitatzea da gure asmoa, Mihiluzeri esker. Zakua irabazteko aukera ere Islandia, Suedia eta Finlandia herrialdeei buruzko galderak zuzen erantzuteak eman baitzigun. Zer hoberik, beraz, zirkulua ixteko, berriro hara bidaiatzea".
Mihiluze saioaren atzoko atala Nahieran ikus daiteke.