Josetxu Riviere: “Borroka feminista gizonezkoen kontua ere badela sinetsi behar dugu”

Barren.eus 2022ko aza. 25a, 15:46

Josetxu Riviere Aranda (Arrasate, 1962) berdintasun, genero eta maskulinitate gaietan aditua da, eta 2008. urtetik Emakunderen 'Gizonduz' egitasmoaren koordinatzailea da. Gizonak Berdintasunaren Alde sareko kidea da eta baita Aizak maskulinitate aholkularitzakoa ere. Indarkeria Matxistaren kontrako eguna da gaur, eta horren harira antolatu duten ekitaldien barruan hitzaldia eman du aste honetan Elgoibarko Jubilatuen Biltokian: 'Gizonezkoak eta berdintasunaren erronka XXI. mendean'. Besteak beste, feminismoaren barruan gizonezkoek duten eta izan beharko luketen paperaren inguruan berba egin du.

 

 • Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira zabaldu duten mezua gizonezkoei zuzendutakoa izan da bereziki, aurten. Zein izan behar luke zure ustez gizonezkoen papera mugimendu feministan?
Aurtengo programaren helburuetako bat da gizonezkoak berdintasunaren gaiarekin ahalik eta gehien sentsibilizatzea, denon artean gizarte berdinzale baterako pausoak emateko, baina gizonek feminismoan izan behar duten paperari buruzko eztabaida oso irekia da. Niri garrantzitsua iruditzen zait gizonok feminismoa den bezala ulertzea, hau da, berdintasuna helburu duen korronte bat bezala ulertzea. Feminismoaren barruan ere eztabaidak daudela jakin arren, funtsean berdintasunean eraikitako gizartea helburu duen mugimendua da, eta horrela ulertzen badugu, feminismoa gizonen kontua ere badela konturatuko gara. Generoak ez du diskriminaziorako aukerarik ematen, eta behin hori onartuta, emakumezkoen giza-eskubideekin ere identifi katuko gara. Niretzako interesgarriena da feminismoaren barruan espazio berriak zabaltzea jende desberdinak parte har dezan, izan ere, arriskua egoten da batzuetan espazio publikoaren banaketan. Gizonezkook aktiboki parte hartu behar dugu berdintasuna sustatzen duten korronteetan.



 • Gizonei zuzendutako politikak ez al daude gehiago zuzenduta gustatuko litzaigukeen gizonei eta ez hainbeste ditugun gizonei?
Helburua gizonezko ororengana iristea da eta guztien konpromisoa lortzea. Askorengana iritsi gara dagoeneko, eta gizonezko asko konprometitu dira feminismoarekin. Gizonezkoek propio bezala hartu behar dute indarkeria matxistaren kontrako borroka, hori ez delako emakumezkoen kontua soilik. Gizonezko askok aldatu dute beren jarrera eta gero eta gehiago dira mobilizazioetan parte hartzen dutenak, eta nik uste hori dela azken batean kanpaina horien helburua. Badakigu badagoela oraindik bere posturari tinko eusten dion gizonezkoen talde bat, baina gizarte matxista eta patriarkatuan hezi gaituzten asko aldatu garen moduan, uste dut kanpaina hauei esker, beste askok ere aldatuko dutela euren jarrera, edo gutxienez hausnartuko dutela gaiari buruz. Borroka feminista gizonezkoen kontua ere badela sinetsi behar dugu.

 

 • Gure komunitate txikietan (Mendaron eta Elgoibarren, adibidez) zer estrategia ditugu eskura gizonak feminismora erakartzeko, eta zeintzuk erabili beharko genituzke?

Gure programaren barruan atera dugun ondorioetako bat izan da gizonezkoak dauden lekura joan behar dugula. Hitzaldi edo tailerretan gizonezkoen presentzia txikia izaten da, %15 ingurukoa, eta beraiek etortzen ez direnez, beraiek dauden lekura joatea da garrantzitsuena. Erakundeetara, lantegietara, jubilatuen egoitzetara... Eta beraien hizkuntzan hitz egin behar zaie egoeraren berri emateko, izan ere, gaur egun oraindik beharrezkoa da azalpenak ematea gizartean duten lekuari buruz, zein abantaila dituzten... Baina hitz egin behar da baita ere generoak sortzen dizkien eragozpenei buruz. Iruditzen zait bi errefl exio garrantzitsu egin behar ditugula: batetik, dauden lekuetan hitz egin behar dugu, eta bestetik, jarrera aldaketa denoi eragiten digun kontua dela azaldu behar zaie. Era berean, generoak gizonezkoei ere eragiten die, eta horregatik oso interesgarria da gizonezkoen ahotsa ere entzutea.