Sarrera guztiak agortuta zeuden El Drogas-en kontzertua ikusteko. Barricada taldearen 40. urteurrenaren harira kontzertu bira egiten ari da, eta atzo iritsi zen Elgoibarrera. Herriko Antzokia lepo bete zen, eta ikusleak zutik jarri zituen El Drogas-ek. Barricada taldearen ibilbidea errepasatu zuen bi ordu eta erdiko kontzertuan. Dena eman zuten musikariek, kanta bat bestearen atzetik etorri ziren, etenik gabe eta ikusleek gogotik abestu zituzten kantak. Villarreal bera gustura zen oholtza gainean, eta ikusleak are gehiago. Zinema areto bat ikusi zutenean harritu egin zirela aitortu zuen abeslariak, ez zuela horrelako eszenatokirik espero, baina hartu zioten tamaina eta giroa bero-bero jarri zuten, ikusle guztien gozamenerako.