Sagarnak eta Bidegainek 75 urte bete dituzte aurten, eta ondorioz, emeritu izatera pasatu dira. Uztailaren 22an zabaldu zuten haien hutsuneak betetzeko hautagaiak aurkezteko epea. Urrian amaitu zen epe hori, eta hautagai bi aurkeztu zituzten euskaltzainek urriaren 28an, Akademiaren Gasteizko ordezkaritzan egin zuten osoko bilkuran: Itxaro Borda eta Andres Alberdi, eta atzo biak izendatu zituzten euskaltzain oso Euskararen Akademiak Donostiako udaletxean egin zuen osoko bilkuran. Orain, zortzi hilabete izango dituzte euskaltzain oso berriek sarrera-hitzaldiak prestatzeko, eta epe berdina izango dute erantzunezko idazkia egin behar duten euskaltzainek beraienak prestatzeko.
Hona Euskaltzaindiak berak bi euskaltzain oso berriez zabaldu ditu profilak.
Andres Alberdi Gorostiaga (Getaria,1950). Filosofian lizentziaduna. Irakaskuntzan aritua 38 urtean. Lehenengo, Elgoibarko Ikastolan; ondoren, Elgoibarko Institutuan, eta bertan, Euskara eta Literaturako katedraduna 1982tik, harik eta 2011n erretiroa hartu zuen arte.
Bakarka zein elkarlanean, 1986tik, DBHko eta Batxilergoko Euskara eta Literaturako hogeitik gora ikasliburu eta gramatikaren egilea da. 1986-1990 bitartean, EGAko aztertzaile-taldeko kide, eta, 1988-1990 urteetan, Azterketa Batzorde Ofizialeko zuzendaritza-kidea, Gipuzkoako arduradun akademiko gisa. 1991-92 ikasturtetik 2011ra arte, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko EIMA Programan aritua.
2007tik, Euskaltzaindiaren Zientzia eta Teknika Hiztegia Biltzeko lantaldeko partaide da. 2014tik, Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburuko batzordeburu, eta batzorde horrek 2018an paraturiko Euskara Batuaren Eskuliburuaren (2018) prestatzaile eta egilea. 2022tik, Morfosintaxiaren Estandarizazioko batzorde ahaldunduko idazkaria da. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 2018an. Euskara Batuaren Eskuliburuaz gain, bestelako lan batzuk ere ondu ditu Alberdik. Tartean, Bidegileak bildumako bi kaiera (Manuel Larramendi eta Agustin P. Iturriagaren jardun eta bizitzari eskainitakoak), Oinarrizko gramatika (2008, Donostia: Elkar) eta Ahoskera (2014, Gasteiz: EIMA. Eusko Jaurlaritza).
Itxaro Borda (Baiona, 1959). Oragarrekoa da familia. Historiako goi-mailako ikasketak egin zituen eta gaur egun postari ogibidetik erretiratua da. Idazlea, poeta, artikulu eta abestiren testu-egilea da Euskal Herriko hainbat musikarirentzat. Gazte-gazterik hasi zen izkiriatzen Herria astekarian eta ordutik ez da gelditu. Euskadi Literatura saria irabazi zuen 2002an %100 Basque lanari esker –frantsesez argitaratu zen 2004an eta gaztelaniaz 2012an−. Mugarriak finkatu dituzten nobelak eta olerki bildumak plazaratu ditu Maiatz, Susa, Alberdania eta Elkar argitaletxeetan, bereziki Amaia Ezpeldoi detektibe lesbianarekikoak. Hondar mende erdiko euskal gizartearen bilakaeraz idazten du, ikuspuntu periferiko batetik, hots, Ipar Euskal Herritik, historizitatetik eta feminismotik. Euskaltzaindiak urgazle izendatu zuen 2021eko azaroaren 26an.
• 1918tik 2022ra, 98 euskaltzain oso
Gaur egun, 24 euskaltzain osoz, 10 euskaltzain emerituz, 143 euskaltzain urgazlez eta 65 ohorezko euskaltzainez osatua da Euskaltzaindia. 98 lagun euskaltzain oso dira 1918tik gaurdaino Akademiak izendatu dituenak.
Hona hemen gaur egungo euskaltzain osoen zerrenda (guztira, hogeita lau: 15 gizonezko eta 9 emakumezko): Sagrario Aleman, Adolfo Arejita, Aurelia Arkotxa, Andres Alberdi, Bernardo Atxaga, Itxaro Borda, Miren Azkarate, Miren Agur Meabe, Jean-Baptiste Coyos, Patxi Goenaga, Roberto González de Viñaspre, Jabier Kaltzakorta, Joseba Lakarra, Alfontso Mujika, Beñat Oihartzabal, Miren Lourdes Oñederra, Paskual Rekalde, Patxi Salaberri, Pello Salaburu, Castillo Suárez, Ana Toledo, Miriam Urkia, Andres Urrutia, eta Mikel Zalbide.
Eta hauexek dira egungo emerituen izenak (guztira, hamar): Jean-Louis Davant, Andres Iñigo, Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia, Txomin Peillen, Andoni Sagarna, Ibon Sarasola, Patxi Uribarren, Xarles Videgain eta Patxi Zabaleta.
Argazkiak: Euskaltzaindia