Zumaia eta Eibar arteko tren zerbitzua handitzeko sinadura bilketa

Barren.eus 2022ko aza. 28a, 13:02

Astean zehar Zumaia eta Eibar arteko tren zerbitzuaren maiztasuna handitzeko eskatzeko hasi du sinadura bilketa egunero trena hartzen duen herritar talde batek.

Zerbitzu hori ordubetean behingoa izan ordez, ordu erdian behin izatea eskatzen dute, gutxienez puntako orduetan: goizez (7:00-9:00), eguerdian (13:00-16:00) eta iluntzean (19:00-21:00). Salatu dute Donostia-Bilbo ibilbide osoan, Mendaro, Deba eta Arroa bakarrik gelditzen direla 30 minutuko zerbitzu hori gabe (behean indarrean dauden ordutegiak). "Izugarria da trenez dabilen jende kopurua, are gehiago orain, txartelaren prezioa jaitsi denetik eta erregaien prezioa hainbeste garestitu denetik. Ziur gaude maiztasuna ugarituz gero, askoz ere pertsona gehiagok erabiliko lukeela garraio hori. Izan ere, lan eta eskola ordutegiak askotan ez datoz bat trenaren ordutegiarekin, eta ordubetean zain egon beharrak kotxea hartzera bultzatzen du jendea", arrazoitu dute idatzian.

Trenaz gain, autobus zerbitzua ere badagoela gogora ekarri dute, Debatik Eibar aldera (Mallabia-Ondarroa linea), zein Zumaia aldera (Ondarroa-Zumaia linea). "Lehenengo kasuan, autobusak orduro daude, baina ia trenaren ordutegi berdina dute. Bigarrenean, aldiz, zerbitzua bi eta hiru ordutik behin baino ez dago, eta trenaren ordutegiarekin bat dator", azaldu dute.
 • Sinadurak batzeko orriak
Mendaron, Morroskillo dendan daude sinatzeko orriak, eta Elgoibarren, Garaten, Ikus Optikan, Muruamendiarazen, Pitxintxun eta Ecenarron.
Batzen dituzten sinadurak inguruko udal ordezkariei helarazi nahi dizkiete, eta haien babesarekin, Euskotreni tren zerbitzua handitzeko eskaera egin.

Ordutegiak (www.euskotren.eus):
Elgoibar-Matiko:
7.01-17.01, 30 minuturo
17.01-21.01, Eibartik 30 minuturo, Elgoibartik ordubetetik behin
Matiko-Elgoibar:
5:55-14:55, 30 minuturo
14:55-20:25, Elgoibarra orduro, Eibarra 30 minuturo
Donostia-Zumaia:
5:50-21:50, 30 minuturo
Zumaia-Donostia:
6:30-22:30, 30 minuturo + errefortzuko tren batzuk (7:11 eta 8:11)
Eibar-Zumaia eta Zumaia-Eibar: ordubeteko maiztasuna