Aitziber Aranberri alkategai izatea proposatu du EH Bilduren mahai politikoak, eta Aranberri bera prest agertu da koalizioaren zerrendaburu izateko 2023ko udal hauteskundeetan.
EH Bilduren udal taldeko arduraduna eta bozeramalea da egun Aitziber Aranberri. “Mahai politikoak egindako proposamenari baietzarekin erantzunez, Elgoibarko EH Bilduren alkatea izateko hautagai moduan aurkeztuko dut neure burua. Duela hiru urte zinegotzi bezala, eta duela urtebetetik hona udal taldearen bozeramaile eta arduradun bezala, ilusioz ekin nion bide honi. Eta ilusioz darrait beste lau urtez herriaren aldeko lanean jarraitzeko eta erronka berriei heltzeko", adierazi du proposamenaren harira.
Aitziber Aranberrik (Elgoibar, 1973) Goi Mailako Administrazio Teknikari ikasketak egin zituen Eibarko Unibertsitate Laboralean eta gaur egun zientzia politikoetako gradua egiten ari da UNEDen. Bere lantokiko LAB sindikatuko langileen ordezkaria da, 2003tik; eta, 2018tik aurrera enpresak Gipuzkoan dituen lantokietako LABeko sail sindikaleko koordinatzailea.
Aranberriren proposamena formalki erregistratu ostean, eta alkategai izateko beste hautagairik aurkeztu ezean, hautagaitza abenduaren 1etik 3ra berretsi beharko dute hautesle-erroldan inskribatutako EH Bilduren oinarriek.