Arrizabalagak eta Condek txapela irabazi dute Gipuzkoako txapelketan

Barren.eus 2022ko aza. 29a, 10:02

Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketako finalak jokatu zituzten Astigarragan, domekan. Gomazko paletako hiru mailetako finalak, hain justu ere.

Elgoibarko Lagunak pilota eskolako bikote batek, Beñat Arrizabalagak eta Ander Condek osatutakoak, 3. mailako finala jokatu zuen, eta Zarautz taldeko Mikel Contreras eta Aritz Lertxundi izan zituzten aurkari. Elgoibartarrek 25 eta 19 irabazi zuten finala, eta era honetan, bigarrengoz irabazi dute nagusien 3. Mailako txapelketa, 2017an ere gailendu baitziren. Garaipen honi esker, datorren denboraldian 2. Mailan lehiatuko da Lagunak taldeko bikotea.

Lagunak taldeko lau palista bikote ari dira Gipuzkoako txapelketan lehiatzen. Horietako bat 1. Mailan lehiatuko da datorren urtean, bi bikote lehiatuko dira bigarren mailan eta 3. Mailan hirugarrengo bikotea.
 • Garaipena eta porrota eskuz banako lehietan
Lagunak pilota eskolako pilotari gehiago ere lehiatu ziren joan den asteburuan, eskuz banakako partidetan. Berguak 22 eta 6 irabazi zion Olaizolari Ikastolako frontoian jokatutako jubenilen bigarren mailako partidan. Txurrukak eta Murumendi taldeko Usabiagak neurtu zituzten indarrak bigarren partidan eta 14 eta 22 gailendu zen Usabiaga.