Santa Zezilia Eguna ospatzeko zirko bilakatu zuten Herriko Antzokia

Barren.eus 2022ko aza. 30a, 12:17

Kontzertu berezia eman zuen Udal Musika Bandak domekan, Santa Zezilia Egunaren harira. Zirkoa gaitzat hartuta prestatu zuten emanaldia, eta musika pieza bakoitzarekin batera uztartu zuten zirko ikuskizuna. Musikariez gain, magoak, zirko aurkezlea, fakirra eta pailazoa izan ziren oholtzan.

Txomin Mujika izan zen ohi bezala kontzertuko aurkezlea, baina oraingoan zirkoko aurkezle papera hartu zuen. Gorka Mujika zuzendaria ere Indiatik etorritako Gorki Ben Mujikari fakirra izan zen, Niala magoak magia tarte bat ere hartu zuen Dimitri Sostachovichen Vals nº2 piezan, eta azkenik Aitore Novatini pailazo italiarrak agertu zen oholtzan. Aitor Nova zen. Saxofotzaile bakarlari moduan aritu zen 'Fellini' piezan, eta horrez gain malabareak eta akrobaziak ere egin zituen. BetiSua musika eskolako txarangak ere hartu zuen parte kontzertuan, eta ikusleek gogotik gozatu zuten. Beste behin ere, Herriko Antzokia bete zuen Udal Musika Bandak, eta hainbat ikusle sartu ezinda geratu ziren.

Domekako kontzertua, bestalde, Anton Azpiazu eta Jose Mari kortaberriaren azkena izan zen. Kortaberriak 40 urte egin ditu bandan. Hasieran oboea joten zuen, eta gerora saxofoi tenorea joten hasi zen, gaur arte. Anton Azpiazuk, berriz, 49 urte bandako kide. Klarinetea joten zuen lehenik, eta gerora saxofoi baritonoa joten hasi zen. Txalo zaparrada handi batekin agurtu zituzten.

2022 11 27 udalmusika banda elgoibar zirkoa omenduak azpiazu kortaberria

2022 11 27 udalmusika banda elgoibar zirkoa niala magoa

2022 11 27 udalmusika banda elgoibar zirkoa herrikoantzokian

2022 11 27 udalmusika banda elgoibar zirkoa aitor nova 1

2022 11 27 udalmusika banda elgoibar zirkoa agurra