Donostia ospitaleko zuzendari mediku Idoia Gurrutxaga elgoibartarra kargutik kendu du Osakidetzak

Barren.eus 2022ko abe. 5a, 13:11

Osakidetzak kargutik kendu ditu Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuaren zuzendari kudeatzaile Itziar Perez eta Donostia ospitaleko zuzendari mediku Idoia Gurrutxaga elgoibartarra.

Joan den eguenean Itziar Perez gerentea kendu zuten kargutik eta barikuan bere kargugabetzearen berri eman zuen Idoia Gurrutxaga Arriolak, Donostia Ospitaleko zuzendari medikuak. Bariku arratsaldeko lehen orduan jakinarazi zioten kargugabetzea, eta barne mezu baten bidez eman zien kargugabetzearen berri lankideei, eitb-k jakitera eman zuenez. Mezuan, Gurrutxagak ez zuen zehaztu zergatik kendu duten kargutik. "Gaur, 14:20an, telefono bidez eman dit nire kargugabetzearen berri Osakidetzako zuzendari nagusi Rosa Perezek. Zuek guztiontzako esker oneko eta elkartasuneko hitzak besterik ez ditut. Ohorea izan da ESI honetan zuzendari mediku moduan lan egitea", esan zien Gurrutxagak ESIko beharginei posta elektronikoz bidalitako mezuan.

Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak Perez eta Gurrutxaga kargugabetu izanak haserrea eragin du Donostialdeko ESI erakunde sanitarioan, eta komunikabideetako lerroburuetan oihartzun zabala izan duen zurrunbiloa sortu du erabaki horrek. Kargubabetzeek zenbait dimisio ere ekarri dituzte. Domekan dimisioa eman zuen Donostia ospitaleko kirurgia zerbitzuko zuzendariorde medikuak, Adolfo Begiristainek. Ildo beretik, ospitale bereko Maite Martinez mediku zuzendariordeak ere dimisioa aurkezteko asmoa duela aurreratu du Euskadi Irratiak gaur.
Kargugabetzeen berri izan eta gero, bilera bat egin zuten Donostiako ESIko zerbitzuburuek. Bileraren ostean, euren haserrea erakusteko elkarretaratzea egin zuten Donostia ospitalearen aurrean (beheko irudian). Gaur, berriz, gutun bat zabaldu dute Osakidetzaren "politika suizida" salatzeko, Donostiako ESIko 30 bat zerbitzuburuk sinatua. Osakidetzako "zuzendaritza orokorreko buruak berehala kargugabetzeko" eskatu diote Gotzone Sagardui Osasun sailburuari, eta ESIko zuzendaritzako kideak berriz euren postuetara itzultzeko.
Idatzian salatu dute Donostialdeko ESIko "kudeaketa krisi larriaren" aurrean ezin dutela isilik egon. Sinatzaileen hitzetan, ospitaleko profesionalei eta adituei "ez entzutearen ondorioz" herritarrak "zerbitzuen galera" pairatzen ari dira. "Pandemiak", "profesional kualifikatuen eskasiak" eta "osasun zerbitzuen eskari geldiezinak" areagotu egin dituzte Osakidetzako arduradunen "erabaki okerren ondorioak", zerbitzuburuen arabera.
Agertoki horren aurrean, "politika suizidak" atzean uzteko eskatu diete Osasun Saileko arduradun nagusiei. Halaber, kargugabetu dituzten arduradunen "balioa eta ausardia" txalotu dituzte, sistemarekiko konpromisoa lehenetsi dutelako beti, eta proposatutako neurri guztiak zerbitzua hobetzea izan dutelako helburu. "Hori izan da euren bekatu" bakarra, eta Osakidetzak "lan hori zigortu" du, gehitu dute oharrean.
"Eredu inposatzailean" oinarritutako lan-funtzionamendua ezarri nahi izatea leporatu diote Osakidetzari, eta, besteak beste, Tolosaldeko, Bidasoaldeko edota Onkologikoko egoera "bereziki larria" aipatu dituzte. "Segurtasun eza eta ezinegona sortzeaz gain, azkenaldian emandako urratsek egitura osoaren haserrea ere eragin dute".
Halaber, zerbitzuburuek exijitu dute "herritarren ahaleginari esker" lortutako aurrekontuak "irizpide teknikoen" arabera eta "modu orekatuan" erabiltzeko, eta ez "komenentzia politikoei" men eginez.
Herritarrei, berriz, "adi egoteko" eskatu diete, Osasun Sailak gizarte osoaren presioa senti dezan.

Osakidetzako arduradunek ez dute adierazpenik egin krisia lehertu zenetik, baina EITBk jakitera eman duenez, elkarrizketa abiatzeko prest agertu dira Osakidetzako arduradunak, eta gaur berba egingo dute Donostialdeko ESIko kargugabetzeen inguruan.

2022 12 05 Donostialde ESI elkarretaratzea Hsoprofesionalak

 

∞Lotura duten albisteak: