Debabarreneko Lurralde Plan Partzialaren diagnostikoa egiteko prozesuan parte hartzeko bidea zabalik

Barren.eus 2022ko abe. 7a, 14:26

Abenduaren 15ean irekiko dituzte herritarrek Debabarrena eskualdearen erronkak, premiak eta aukerak identifikatzen parte hartu ahal izateko kanalak, eta hilabete batez egongo dira zabalik. Kaleko elkarrizketei ere ekin diete, jendearen iritzia ezagutzeko.

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak abenduan eman dio hasiera herritarrek Debabarreneko Eremu Funtzionaleko Lurralde Plan Partziala (LPP) idazteko hasierako dokumentua izango den diagnostikoa lantzen parte hartzeko prozesuari.

LPPak lurraldea antolatzeko irizpideak zehazten ditu. Kasu honetan, honako udalerri hauei dagokie: Mutriku, Deba, Mendaro, Elgoibar, Soraluze, Eibar, Ermua eta Mallabia. “Prozesu luzea da, eta diagnostikoarekin abiatu da orain; herritarrak parte hartzera animatu nahi ditugu, beren ikuspuntutik Debabarreneko erronkak, premiak eta aukerak zein diren adieraz dezaten”, adierazi du Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuorde Miguel de los Toyosek.

Egunotan hasi dira herritarrei galdetzeko kaleko elkarrizketekin, eta inkesta horiek hilaren 15ean eta 16an ere egingo dituzte. Halaber, informazio-hitzaldi bat ere antolatu dute abenduaren 15erako. Eibarko Errebal aretoan izango da, 18:30ean. Egun horretan bertan, kanal digitalen bidez parte hartzeko epea irekiko dute, eta urtarrilaren 15era arte egongo da zabalik (www.lurraldeplana-debabarrena.eus atarian). Azkenik, Eusko Jaurlaritzak herritarrek parte hartzeko eskaintzen duen kanalean (www.irekia.euskadi.eus), eremu funtzional horretako erronkarik eta premiarik garrantzitsuenei, lehentasun handiena dutenei eta eskualdeak dituen aukerei buruzko eztabaida ireki bat planteatuko dute.
Zehazki, herritarrek honako bederatzi gai hauen inguruan dituzten ideiak bildu nahi dituzte diagnostikoan: ingurune naturala eta azpiegitura berdea, mugikortasuna, baliabide naturalak eta hondakinak, lurralde-erlazioa eta ekipamendu handiak, etxebizitza eta hiri-berroneratzea, jarduera ekonomikoa, ondarea eta identitatea, klima-aldaketa eta osasuna, eta inklusibitatea eta euskara.

2022 12 07 LPP plana Debabarrena