Ertzaintzako agenteek 27, 21 eta 19 urteko hiru gizonezko atxilotu dituzte Mendaron, zihoazen autoa lapurtua izatea leporatuta. Azaldu dutenez, polizia patruila batek Elgoibarren atzeman ditu hiru lagunak, eta autoa geldiarazi duten arren, ihes egitea lortu dute, lapurtutako autoa industrialde batean abandonatu eta mendian gora ihes eginda. Handik ordu batzuetara aurkitu eta atxilotu dituzte. "Polizia-baliabideek, abandonatutako autoaren datuetan oinarrituta, egiaztatu dute bezperan Usurbilen lapurtutako auto bat zela, eta lapurrek mugitzeko erabili dutela", azaldu due polizia iturriek. Hiru gizonak beste lapurreta batekin ere lotu dituzte, autoan bi kutxa erregistratzaile eta ustez lapurtutakoak ziren beste hainbat gauza baitzeramatzaten. "Ebidentzia horiek gaur goizaldean Elgoibarko ostalaritza-establezimendu batean egindako beste lapurreta batekin lotuta leudeke", Ertzaintzaren arabera.
Hiru susmagarrien arrastoari jarraitu dioten Ertzaintzaren patruilek 10:00ak aldera atzeman dituzte Mendaron, errepide ondoan, ihes egin ondoren menditik jaitsi direnean. Hiru gizonek arropak bustita eta prakak lokaztuta zituzten mendian ibili izanaren ondorioz.
Egindako ikerketetan oinarrituta, agenteek hiru pertsonak atxilotu dituzte eta Eibarko Ertzain-etxera eraman dituzte autoa lapurtzearen delitua leporatuta. Ertzaintzak zabalik ditu ikerketa-eginbideak.