Bi urte berezien ostean, Durangoko Azokak bere ohiko formatua berreskuratu du: erakusmahaiak Landakogunean, hamaika jarduera Azokako gune ezberdinetan, Ikasle Goizeko tailerrak... Azokak bere "unibertsoa" berreskuratuko du edizio honetan. Baina betiko formatuaz gain, Azokak pandemia garaian bultzatutako hainbat ekimenekin ere jarraituko du. "Zu non, han DA!" proiektuari esker, Azokak jarraipena izango du Euskal Herriko liburudendatan abenduaren 12tik 23ra arte. Bertan, Landakogunean eskuragarri egon diren nobedadeak topatu ahal izango dira. Iaz, esate baterako, Euskal Herri osoko 150 saltokik parte hartu zuten egitasmo honetan, "kulturaren plaza Balmasedatik Agurainera eta Lizarratik Baionara hedatuz", antolatzaileen berbetan. Aurten, gainera, "Zu non, han DA!" programa berritasunekin dator, lehenengo aldiz liburu aurkezpenak ere antolatuko dituztelako liburudendatan, sortzaileen eskutik.
Elgoibarren izango da liburu-aurkezpen horietako bat, Pitxintxu liburu-dendan, hain zuzen ere. Aritz Gorrotxategi Mujika idazle donostiarrak 'Uda betea' liburua aurkeztuko du eguazten honetan, abenduaren 14an. Maite Lopez de las Heras idazle, poeta eta itzultzailea izango du lagun aurkezpenean, eta honek eginiko galderak erantzungo ditu Gorrotxategik. 19:30ean hasiko da saioa.
Elkar argitaletxeko arduradunek azaldu dutenez, argitasunez beteriko liburua idatzi du Aritz Gorrotxategik, izenburuak berak iradokitzen duen moduan. "Itsasoak, beroak, aisiak eta Mediterraneoko paisaiek leku nabarmena betetzen dute bertako poemetan, baina ez dira horiek gai bakarrak. Poeta kutunei egindako omenaldiak ere badira: Cesare Paveseri eta Antonio Machadori, besteak beste, baita adiskidetasunari egindako gorazarreak eta gure mundutik joandako pertsona maitatuei eskainitako oroitzapenak ere. Guztia, hitzaren doitasuna eta erritmoaren musikaltasuna mimatzen dituen espresio zainduaren bidez adierazia".