Aitor Guisasola elgoibartarra 'Rebelion en la granja' obrarekin arituko da Herriko Antzokian

Barren.eus 2022ko abe. 13a, 13:13

Aitor Guisasola aktore elgoibartarra Elgoibarko Herriko Antzokiko oholtzara igoko da abenduaren 16an, Rebelion en la granja obran. Bilboko Alopargo Teatroaren obra da hau, eta talde horretako kidea da Guisasola.

Manor Etxaldean gaude. Animalia guztiak elkartu egin dira gizaki guztiak baztertzen dituen matxinada bortitz batean, beren nagusiak, Jones jaunak, ematen dien esklabotza-erregimenagatik nazkatuta eta haserre. George Orwellen fabula ospetsuak akuilu gisa balio du obra gordin, keinudun, bihurritu eta umoretsu bat sortzeko. Agian, gaur egungo sasoiaren ispilu konkaboa da, non botere-egitura berriak ezin diren aurreko botere-egiturekin batera zeuden itzaletatik atera. Posible ote da, azken finean, iraultza berri bat zabaltzea?.

Alopargo Teatroak hainbat sari eskuratu ditu obra honi esker, besteak beste, bost sari jaso zituen Madrilgo Hortaleza Teatroa sariketan, beste lau sari eman zizkieten Moratalazko Teatro Klasikoaren lehiaketan, eta berriki hiru sari jaso dituzte Tamerfest jaialdian.

Herriko Antzokiko emanaldia bariku honetan, hilaren 16an, izango da, 19:00etan eta dagoeneko sarrerak salgai daude herrikoantzokia.eus atarian.

2022 12 13 Rebelion en la granja antzezlana Alopargo Teatro

∞Lotura duten albisteak: