Argitara atera dituzte apaiz batek duela 60 urte Elgoibarren egin zituen sexu abusuak

Barren.eus 2022ko abe. 15a, 11:11

Don Andoni izeneko apaiz batek sexu abusuak egiten zizkien haurrei, biktima batek eta zenbait herritarrek 'Berria' egunkariari azaldu diotenez. Barkamen eskea bainoago, baliabideak galdegin ditu biktimak, "berriro gerta ez dadin".

"Ez dut barkamenik nahi. Nahi dudana da Elizak eta instituzioek baliabideak jartzea horrelakorik berriro ez gertatzeko". Horrela mintzo da Isabel Barrutia, Elgoibarko taberna bateko terrazan. Kafea hoztu zaio jada, eta ahotsa lasaitu. 12 urte zituenean bizitakoa kontatzen amaitu duenean esan ditu hitz horiek. Adin hori zuenean —1960ko hamarkada amaieran— elizako abade batek sexu abusuak egin zizkiola kontatu dio 'Berria'-ko kazetari Jone Arruabarrenari; baina 40 urte izan zituen arte ezin izan zuen barruan zeramana hitzekin adierazi: "Asko eragin zidan".

1966. urtean egin zion eraso apaizak; Don Andoni esaten zioten, eta Elgoibarko elizako apaiza zen garai hartan, baita eskolako latineko irakaslea ere. Andereño Anitaren eskolan ikasten zuen Isabel Barrutiak; Elgoibarko San Roke auzoan zegoen eskola txiki bat zen. Bertan bizi zen Andereño Anita, eta beheko pisuan ematen zituen eskolak.

Latina, ordea, Don Andonik ematen zien. "Egun batean, nik ez nekien lezioa, edo ez nuen ondo erantzun, edo erantzunarekin ez nuen asmatu... edo ez dakit zer gertatu zen. Eta esan zidan zigortuta nengoela, eta bere etxera joan beharko nuela igandean, latineko lezioa ondo ikasteko», kontatu du. Elgoibarko San Frantzisko kalean bizi zen apaiza orduan, apopilo".

"Haren etxera joan nintzen igande hartan. Sartu nintzen, eta esan zidan bere gainean esertzeko. Eskua sartzen hasi zitzaidan izterretatik, eta ukituak egiten. Ni beldurtuta nengoen, paralizatuta. Esaten dudanean 'paralizatuta', hori da: guztiz paralizatuta".

Garai hartako pentsaerak nabarmen eragin ziola azaldu du: "Noski, garai hartan sexualitateari buruz ez genekien ezer... oso inuzenteak ginen. Niretzat, apaiza aginduak ematen zituena zen, eta ezin zen hori zalantzan jarri".

Etxera joan zen handik. Baina oroitzen du bizitakoak eragin zion kaltearen ondorioz ezin izan zuela inorekin hitz egin: "Etxean ez nuen ezer kontatu, ezta nire lagunekin ere. Niretzat oso gogorra izan zen. Ez nuen ulertzen zergatik justu niri hori egiten zidan gizon batek. Gizon bat, eta, gainera, Elizako gizon bat".

Irakurri osorik BERRIA egunkarian

 

•Testigantza gehiago
'Berria' egunkaria Elizako sexu abusuak ikertzen ari da herriz-herri, eta BARREN aldizkariak ere heldu dio gai honi. Inor testigantza emateko prest balego, jar dadila harremanetan BARRENekin: 688 655 658 / 943 744 112  telefono zenbakietara deituta, barren@elgoibarkoizarra.eus helbidera idatzita, edota bulegora etorrita.