Elgoibarko Udalak abenduaren 5ean egindako Gobernu Batzarrean onartu zuen 2022rako dirulaguntza izenduna ematea museoari. Udalaren eta museoaren arteko lankidetzaren helburua makina erremintaren historia museoaren bitartez zabaltzea dela azaldu dute bi aldeek.
Makina Erremintaren Museoa sortzeko ideia 1982an jaio zen. Elektronikaren eta informatikaren garapenaren ondorioz gertatzen ari zen industria-iraultzak lantegiak eta makina erremintaren sektore osoa makineria-parkea berritzera behartu zituen unean, hain justu ere. Batzorde batek 1994tik 1998ra bitartean egindako lanaren ondoren, 1998an zabaldu zuten museoa. Ordutik, makina erremintaren historia zabaltzeaz gain, beste hainbat ekintza ere burutzen ditu museoak, besteak beste, usadio zaharreko ofizioak erakustera eman, kultur jarduerak eta tailerrak egiten dituzte. Balio kalkulaezina duen ondare industriala dago gordea museoan.