Arantza Aguadok irabazi du Danobatgroup-ek antolatutako "Euskaraz izango gara" lehiaketa

Barren.eus 2022ko abe. 16a, 08:51

Euskararen Nazioarteko Eguna eta Euskaraldiaren amaiera ospatzeko lehiaketa antolatu du Danobatgroup kooperatiba taldeak, eta lehiaketak badu sariduna.

Kooperatiba taldetik azaldu dutenez, duela 22 urtetik hona ari dira euren egunerokotasuna euskaraz izateko lanean, eta gaur egun 2021-2024 plan estrategikoa markoan ari dira euskara planeko erronkak eta helburuak lantzen. "Euskaraz izango gara" da Danobatgroupek etorkizunerako aurreikusten duen agertokia, eta agertoki hori errealitate bihurtzeko lanean ari dira, bai eguneroko lanean, elkarren arteko harremanetan, zein ikerketa eta garapenean edota teknologia berrietan, besteak beste.

Baina, egunerokotasunetik haratago, gizarteari ere euskararekiko duen konpromisoaren berri eman nahi dio Danobatgroupek. Ildo horretan, Danobatgroupek inguruan garatzen diren hainbat ekimenetan parte hartzen duela gogora ekarri dute, eta ekimen sozial horietako askoren sustatzailea ere badirela, Euskaraldia kasu. Euskararen Nazioarteko Eguna eta Euskaraldiaren amaiera ospatzeko aurten berriz ere lehiaketa antolatu dute, Danobatgroup kooperatiba taldeak enpresak dituen herrietara zein gizarte osora zabalduta. Arantza Aguado andoaindarra izan da lehiaketaren irabazlea. Produktu ekologikoz betetako otarra jasoko du saritzat.