Hiru milioi euroko aurrekontua onartu du Mendaroko Udalak 2023. urterako

Barren.eus 2022ko abe. 16a, 09:06

Mendaroko Udalbatzaren osoko bilkurak astelehenean onartu zuen 2023rako aurrekontua, ezohiko batzarrean, EAJko zinegotzien eta PSE-EEkoaren botoekin. EHBilduko bost zinegotziek kontra bozkatu zuten, euren ekarpenak kontuan hartu ez direla arrazoituta.

 3.053.806 euroko aurrekontua izango du Mendaroko Udalak 2023an, iazkoa baino 1.808 euro handiagoa (0,06). Aurrekontuari atalka erreparatuz gero, alderik ez dago gaztaren banaketan, 2022koarekin alderatuta: aurrekontuaren %37,13 Lurraldea-Hirigintza atalera bideratu dute (1.105.070 euro), %39,04 Herritartasuna atalera eta gainerako %23,83 Antolakuntza atalera. Abenduaren 12an onartu zituzten aurrekontuak, ezohiko batzarrean, EAJren eta PSE-EEren babesarekin. Mari Jose Telleria PSE-EEko zinegotziak alde bozkatu zuen. "Konfiantzan oinarritutako botoa da gurea", esan zuen. Telleriak aipatu zuen bazekiela iazko gauza batzuk ez direla bete baina baduela konfiantza aurten beteko direla. EHBilduko bost zinegotziek, berriz, kontra bozkatu zuten -iaz abstenitu egin ziren-, aurrekontu proposamenari egin zizkioten emendakinak jaso ez direla eta negoziatzeko aukerarik izan ez dutela arrazoituta.

"Aurrekontu honekin herria berraktibatzen jarraitu nahi dugu, mendaroarrak erdigunean jarrita, ongizatea bermatuz eta herriaren garapen integrala bultzatuz", zabaldu du Iñaki Arregi alkateak, prentsa ohar bidez. Horren harira zehaztu du Gizarte Ongizate Sailak 30.000 euro gehiago jasoko dituela 2023n. Ongizate Saileko diru-kopuru handiena Eguneko Zentroaren kudeaketarako izango da: 236.000 euro. Gizarte eta Hezkuntza-alorreko esku-hartze programetarako 40.000 euro gorde dituzte, iaz baino %25 kopuru handiagoa. Era berean, etxez-etxeko laguntzarako 111.000 euro izango dira, eta gizarte larrialdietarako laguntzen %100a ordaintzeko konpromisoa hartu dute, "beharrezkoa balitz aurrekontua handituta". Bestalde, Azpilgoetako Eguneko Zentroan zabaldu dituzten tutoretzapeko apartamentuen zerbitzua finantzatzeko 5.000 euro erabiliko dituzte, eta berdintasuna sustatzeko ekintzetarako diru laguntza handitu dute, 6.000 eurotik 15.000 eurora.
"Egin dugu eta jarraituko dugu une zailetatik onena ateratzen. 2023ak Mendaro berri bati emango dio bidea, bereziki kirolen alorrean edota irisgarritasunean eta herriko gune ugariren berroneratzean", azpimarratu du alkateak. Alor ekonomikoan, nabarmendu du bigarren urtez 60.000 euroko partida izango dela aurrekontuetan Mendaron enplegarritasuna bultzatzeko. Lurraldea atalean, Lanbide bidez kontratatutako udal langileen kontratuen luzatzea finantzatu du Udalak. Iaz, bi langile kontratatu zituzten, lanaldi osora bata eta lanaldi erdira bestea, eta aurten, bi langile izan dira lanaldi osora eta beste bat, erdira. Hirigintza Plan Orokorra eguneratu ahal izateko partida ere aurreikusi dute, 28.400 eurokoa, eta landa eremuko inbertsioetarako partida 5.000 euroan handituko dute, 155.000 euroraino. Hasitako beste lan batzuen jarraipenerako partidak ere nabarmendu dituzte aurrekontuetan: Batetik, baliabide energetiko berriztagarriak ezartzeko eta EKIOLA plaka fotovoltaiko komunitarioen proiektua garatzeko 18.500 euro izango dituzte eta landa lurrak topografi koki mugatzen jarraitzeko 10.000 euro gehiago gorde dituzte 2023rako, 28.150 euro. Dirulaguntza kontzeptuan banatuko duten dirua ere zehaztu dute, nagusienak: Etxebizitzetan obrak egiteko (35.000), Ameikutz musika eskolarako (28.000), euskara ikasteko (5.000), auzo taxia (5.000), Arno Guraso Elkartearentzako laguntzak (5.000 euro eskola kirolerako eta 2.600 ekintzetarako), Elgoibarko Izarra eta BARREN (15.000), zaintzarako dirulaguntzak (2.500), etxebizitza alokatzeko gazteentzako laguntzak (3.000), lokal komertzialak zabaltzeko laguntzak (2.500), Herri identitatea sustatzeko Don Angel beka (8.000), jai batzordeetarako (3.000), MTE (7.000), exta-eskolarretarako laguntza (1.500)...

2023ko udal aurrekontuaren laburpena
SARRERAK

  • Zuzeneko zergak.........................459.500 euro
  • Zeharkako zergak..........................20.000
  • Tasak eta bestelako sarrerak...........324.500
  • Transferentzia arruntak...............1.952.706
  • Ondare sarrerak............................10.900
  • Ondasun besterentzea...........................0
  • Kapital transferentziak...................286.200
  • Finantza aktiboak.................................0
  • Finantza pasiboak................................0

 

GASTUAK

  • Langileen ordainsariak...............717.165,87 euro
  • Ondasunen arrunten eta zerbitzu erosketa......1.641.154
  • Finantza gastuak .................................0
  • Transferentzia arruntak..................188.550
  • Kreditu globala............................125.000
  • Inbertsio errealak.....................346.936,13
  • Kapital transferentziak....................35.000
  • Finantza aktiboak................................0
  • Finantza pasiboak................................0

 

2022 12 16 inbertsio nag mendaro aurrekontuak2023 BARREN