Nuala elkarteak jaso du Igeriketa Erronka Solidarioan batutako dirua

Barren.eus 2022ko abe. 19a, 10:46

Igeriketa Erronka Solidarioa egin zuten zapatuan Olaizaga igerilekuan, hirugarren aldiz. Aurtengo elkartasun ekimenean batutako dirua Nuala elkartearentzat izan da, eta dagoeneko jaso dute batutako dirua.

Igeriketa Erronka Solidarioa ekimenean parte hartu zuten lagunek 84.000 metro egin zituzten igerian, guztien artean. Edo beste era batera esanda, 3.360 luze osatu zituzten Olaizagako igerileku berrian. Ekimenarekin bat egin zuten herritarrek 340,40 euro eman zituzten Nuala elkartearentzat, eta elkarteko kideek jaso dute dagoeneko batutako diru hori. Elgoibarko alkate Ane Beitia eta Iñigo Loiola kirol zinegotziaren eskutik eta Elgoibarko Igeriketa Taldeko presidente Joxean Aguirreren eskutik jaso zuten dirua, Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak eta Elgoibarko Igeriketa Taldeak antolatu baitute erronka solidarioa, elkarlanean.

Nuala elkarteak eskerrak eman dizkie igerian egin zuten lagun guztiei eta dirua eman zutenei eta antolatzaileentzat ere esker oneko berbak izan dituzte: "Eskerrikasko Igeriketa taldeari, kiroldegiari, eta Elgoibarko Udalari gutaz gogoratzearren, eta egin duten langatik", adierazi dute.

Ateak irekitzeko jardunaldia izan zen zapatukoa Olaizaga kiroldegian, eta jardunaldi horren barruan egin zuten erronka solidarioa, aratsaldean. Goizean umeak jolasean ibiltzeko puzgarriak egon ziren igerileku handian eta uretan ibiltzeko kanoekin gozatu zuten txikienek igerileki txikian.

2022 12 17 igeriketa erronka solidarioa olaizaga elgoibar arg nuala elkartea

2022 12 17 puzgarriak olaizaga kiroldegian ate irekiak

2022 12 17 umeentzako kanoak olaizaga kiroldegian ate irekiak

∞ Lotura duten albisteak: