Hainbat tokitako 32 kidek osatzen dute Astigarraga trail taldea, eta euren burua ezagutzera emateko gogotsu eta ilusioz beteta daudela azaldu zuten aurkezpenean. Hasieran, hori baitute asmoetako bat, taldeari izena eta ikusgarritasuna ematea, eta taldekide bakoitzak doan tokira doala "harrotasunez erakustea taldearen izena eta jatorria". Eta, dagoeneko hasi dira zeregin horretan, taldea ordezkatuz saltaka egin baitzuten zenbait taldekidek Azpeitiko eta Bergarako San Silbestre lasterketetan, urteko azken egunean.
Taldearentzat sortu dituzten arropak ere aurkeztu zituzten aurkezpen ekitaldian, eta taldekideen artean banatu. Taldekide guztiek agertzerik izan ez zuten arren, agertu zirenek euren burua aurkeztu zuten gainerakoen aurrean, elkar hobeto ezagutzeko eta bakoitzaren helburuen eta asmoen berri izateko. Mendi lasterketen denboraldiaz ere berba egin zuten eta antolatu asmo dituzten ekitaldien inguruan ere aritu ziren solasean. "2023 honetan zehar bidelagun izango ditugun bi kolaboratzaile ofizialak ere aurkeztu genituen, Astigarraga Gys Sport eta Morkaiko M.E., eta euren babesak izango guretzako dituen onurak azaldu genituen, taldeari hazten lagunduko baitiote", azaldu dute taldetik. Gaineratu dutenez, taldearentzat eta orokorrean elgoibartarrentzat interesekoak izan daitezkeen proiektuak aztertzen eta lantzen ere badihardute.
Pintxo-potearekin amaitu zuten agerraldia.
∞Lotura duten albisteak: