"Añana" Elgoibarren jaio zen 1939an. Lehen hezkuntzako ikasketak Altsasuko Seminarioan egin zituen, eta ondoren, Filosofia ikasi zuen Zaragozan eta Teologia Iruñean. 1959an sartu zen Kaputxinoen Ordenan, eta 1965etik aurrera, 25 urte zituela, Aguarikoko (Ekuadorreko Amazonia) Prefektura Apostolikoaren Kaputxinoen Misiora joan zen. Fraide kaputxinoa izan zen urte askoan; 25 urte eman zituen Amazonian, Napo ibaiko uharte batean bizitzen, eta indigenen hizkuntza ikasi zuen. CICAMEren (Ekuadorreko amazoniaren ikerketa kulturalen zentroa) sortzailea izateaz gain, Amazoniaren bihotzean dagoen Ponpeiako Museo Indigenaren zuzendaria ere izan zen.
Museoko zuzendari izateari laga zionean, bere lagun Miguel Angel Cabodevillak ordezkatu zuen zuzendari zereginetan. Bere hitzetan, Elgoibartik munduko leku askotara joandako abenturazalea izan zen "Añana', hitzaren zentzurik onenean. "Beti ere, abentura hitza ezaguna dugunetik eta erosotasunatik harago joatera ausartzea izanik, leku eta jende ezezagunak esploratuz. Oso gutxik bisitatu dituzten mugak zeharkatu zituen. Baina, are garrantzitsuagoa dena, berak ez zuen ikusmin soilaz bidaiatu, turista iragankor baten gisan, edo aldi baterako bidalitako mandatari bezala. Aitzitik, gure munduko muga zail eta arriskutsuenetako batzuetan geratu zen, han bizi zirenei laguntzen", azaldu du.
1971tik aurrera, Antropologia eta Arkeologia ikasi zituen Mexikon, eta Amazoniako oihanera itzuli zen, 1989ra arte. Jarraian, txinera ikastera joan zen Hong Kongera, eta sei urtez egon zen han. Ondoren, Manilara joan zen bizitzera (Filipinak), eta han Zentroko Erresuma (Tsun Kuo) izeneko misio batean jarraitu zuen bere lana. Iberoamerikan, berriz ere, 12 urte baino gehiago eman zituen Miguel de la Quadra Salcedorekin bere Ruta Quetzal ospetsuan lanean, eta kapilau funtzioa bete zuen nerabeekin.
Gerora, Kaputxinoen ordena laga eta familia osatu zuen. Bere emaztearekin bizi izan zen Bartzelonan, eta Gasteizen hil zen.
"Hizkuntzalaria izan zen hainbat hizkuntzatan, idazlea eta poeta, kultura amazonikoen ikertzailea, arkeologoa; kristau fededuna izan zen, eta gero agian agnostikoa", dio Cabodevillak, hau ere fraide kaputxinoa. "Gogoko zituen landareak eta zuhaitzak, ehiztaria izan zen oihanean eta arrantzalea aintziretan, sukaldaria fraidea baino lehen, ardiak hazten zituen ardiak ezagutzen ez zituzten leku batean; arakatu gabeko ibaiak zeharkatu zituen, eta abentura horietako bakoitzean pertsona handia izan zen, gizon atsegina eta jendea benetan ezagutzeko jakin-minik handienaz betea", gaineratu du.
Cabodevillak nabarmendu du bizitza osoa eman zuela ahaztutako jendeari laguntzen, eta Amazoniako herri indigenen kulturak berreskuratu eta babesteko lanean jardun zuela, "inork horrelakoetan interesik ez zuenean". Lan mardula eta garrantzitsua laga duela egina uste du, eta oihaneko herri horiek nolakoak ziren jakin nahi dutenek bere idazkietara jo beharko dutela argibide bila. "Ekuadorreko oihanean aurkitutako azken herri indigenarekin bizi izan zen denbora batez, han egotea oso arriskutsua eta gogorra zenean, eta haien lagun geratu zen betiko. Haietako asko negarrez ikusi nituen Napo ibaian dagoen bere uharte maitetik alde egin zuenean".