Lau Nazioen Txapelketa jokatu du Julen Urruzolak Alemanian, Espainiako taldearekin

Barren.eus 2023ko urt. 12a, 09:07

Espainia, Alemania, Portugal eta Frantziako junior mailako eskubaloi selekzioak lehiatu dira, urtarrilaren 6tik 8ra bitartean, Alemaniako Hildesheim hirian jokatu duten Lau Nazioen txapelketan.

Hala, joan den udan Portugalen jokatu zuten Europako Txapelketaren finalera heldu ziren bi taldeek, Espainiak eta Portugalek, berriro elkarren aurka jokatzeko aukera izan dute. Finala irabazi zuen taldean zen Julen Urruzola elgoibartarra, eta oraingoan ere deialdian sartu du Rodrigo Reñones hautatzaileak. Taldearen defentsan zutabe garrantzitsua da Urruzola.

Espainiak Frantziako taldea izan zuten aurkari lehen partidan, eta 32-35 irabazi zuen 'Hispanos Junior' moduan ezagunak diren taldeak (ikus partida bideoan). Bigarren jardunaldian egurra jaso zuen Espainiak etxeko taldearen aurka 43-22 galduta (ikus partida bideoan). Aldiz, garaipen batekin agurtu zuten txapelketa Portugali 31-26 irabazita. Rodrigo Reñonesek zuzentzen duen taldea ekainaren 20tik uztailaren 2ra bitartean Alemaniak (Berlin, Magdeburgo eta Hannover) eta Greziak (Atenas) elkarrekin antolatuko duten junior mailako Munduko Txapelketarako prestatzen ari da, eta adin tarte honetako eskubaloi selekziorik onentsuenen aurka lehiatzea prestaketa ezin hobea izan dela adierazi du Reñonesek. Urruzolak Bidasoa Irun taldean taldekide dituen Gorka Nieto, Eneko Furundarena, Julen Mujika eta Asier Iribar izan ditu lagun selekzioan.

2023 01 07 espainia vs frantzia lau nazioak alemania julen urruzola

2023 01 12 julen urruzola espainia selekzioa eskubaloia