Maddi Zabalaren 'Vueltas' laburmetraiak saria jaso du

Barren.eus 2023ko urt. 13a, 08:31

Maddi Zabala elgoibartarraren eta haren unibertsitateko ikaskideen 'Vueltas' laburmetraia saritu zuten abenduan Bilboko Homeless film festibalean, Besarkada sailean.

Garaikur bat, taldekide bakoitzarentzako diploma bana eta FNAC dendan gastatzeko 150 euro eman zizkieten saritzat.

Ikusentzunezko Komunikazio Gradua ikasten ari da Zabala Leioan eta azaldu du Komunikazio Koorporatibo Komertzial eta Instituzionala ikasgaiaren barruan urtero izaten dutela aukera gizarte bazterketa arriskuan daudenen inguruko film labur bat sortu eta lehiaketara aurkeztekoa, eta hala egin zutela eurek. Bilbon grabatu zuen filma Zabalaren taldeak, eta lehiaketara aurkeztu zituzten zortzi lanen artean eurena apartatu zuen epaimahaiak. Maddi Zabalaz gain, Aitor Ugidos, Sara Zabala eta Iratxe Ugartetxeak osatzen dute taldea.
Laburmetraia grabatzea ikasgai handia izan dela azaldu du Zabalak. Bizitzan kudeatu ezin izan zituzten hainbat konturen ondorioz kale gorria ezagutu duten hainbat lagunekin egin zituzten grabazioak eta aitortu du gogoetarako bidea ere eman ziela lan honek. “Balio izan digu jende baten errealitatea bertatik bertara ezagutzeko eta baita ere ikusteko, ustekabean, dena aldatu daitekeela bizitzan eta eroso bizitzetik kalean bizitzera pasa daitekeela, tarte oso laburrean”.

Hona saritutako 'Vueltas' laburmetraia:

Bizitegik, gizartetik baztertuta dauden pertsonen alde lan egiten duen gobernuz kanpoko erakundeak, etxerik gabeko lagunen gizarteratzeari buruzko sentsibilizazio jardunaldiak antolatzen ditu Bilbon 2016tik, eta horren barruan Homeless Film Festival jaialdia. Zazpigarren edizioa izan den honetan, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasleez gain, EHUko eta Deustuko Hezkuntzako ikasleak ere aurkeztu dituzte lanak lehiaketara, guztira 360 ikasle baino gehiagok.

2023 01 12 maddi zabala saritua homeless festival saritu guztiegaz