Bertsolaria eta raperoa da Odei, eta hiru disko kaleratuak ditu aurrez 2zio taldearekin: 'Pausuz Pausu' (2013), 'Bideak' (2015) eta 'Orain eta hemen' (2018). Rapero soil izatetik, baina, ia dena berak egitera pasatu da orain, auto-ekoizpenaren bidea hartuta. Hala, berak eta Jo Olaskuagak [2zio taldeko beatmakerra] osatzen duten Alkimia Prod-enak dira 'Terapia' diskoan dauden musika ekoizpen guztiak. Sotoan emango du gaur kontzertua, 23:00etan (Adi!, BARREN aldizkarian oker jarri baitugu, bihar izango dela dator, gaur da baina).
• 2020an atera zenituen 'Terapia' kantua eta bideoklipa, eta aurten eman duzu argitara izen bereko diskoa. Denbora hartu duzu. Gustura zara emaitzarekin?
Bai, biziki prozesu luzea izan da, akigarria ere bai batzuetan, baina biziki kontent naiz emaitzarekin. Begira, 2zio ez zela sobera aitzinatzen ikusirik ekin nion bakarkako lanari eta garbi nuen beharrezkotzat jotzen nuen denbora hartuko nuela. Kontua da 2020ko udaberri aldera hasi nintzelarik proiektu hau lantzen, oraindik ez nekiela ondo instrumentalak egiten, ez eta gaur egiten dudan guztia egiten ere. Terapia bi urteko ikasketa prozesua izan da niretzat, prozesu luzea. 2zion ez nuen ekoizten musikarik; rapeatu egiten nuen. Kasu honetan, aldiz, gehiena nik bakarrik egin dut, eta bestela, Jorekin batera. Terapia atera nuelarik, neure buruari erran nion baietz, egin nezakeela. Barnera begirako urrats handia izan da zentzu horretan Terapia. Bideogintzan hasi berri nintzela egin nuen bideoklipa ere, eta frogatu nion neure buruari aitzina egin nezakeela. Beti izan dudalako rapero bezala beldur hori. Orain, maiz galdetzen diot neure buruari nola ez nuen bakarrik aritzeko erabakia aurretik hartu, baina proiektu hau hasi arte zalantza anitz nituen bakarrik ateratzeko. Bideoklipetik diskora hainbeste denbora egon da, bideoklipa atera nuenean hiru kantu bakarrik neuzkalako eginda. Hala ere, atera nahi izan nuen hura, nolabait errateko lanean ari nintzela eta zerbait bazetorrela.
• Bazenuen ideia hortaz diskoa ateratzeko.
Nahi nuen lan luzeagoa eta borobilagoa atera, baina nik ere ez nuen garbi bost kantu edo hamabost bilduko zituen. Gauzak fi nkatu gabe aritu naiz, baina errateko nuena sartu dut. Lan handia egin dugu, bereziki soinuaren trataeran.
• "Rapero bezala, beti izan dut bakarrik ateratzeko beldur hori". Plazaz plaza bertsotan dabilenarengandik hori entzutea bitxia ere bada.
Jendeak, ikusten gaituelarik bideo batean edo bideoklip batean, pentsa dezake biziki ausartak garela eta harro-harro goazela biziaren gaindik, baina maiz kontrakoa izaten da, eta nire kasua hala izan da; konplexuz eta beldurrez beterikoa izan naiz luzaz eta pixkanaka ari naiz gainditzen. Talde batekin ari zarenean, eta kontzertura jende gutxi doalarik ere, beti duzu babes hori; zure izenean zoazelarik, ez dago halakorik, onerako eta txarrerako. Bertsoa eta rapa biak egin ditut beti, baina biziki ezberdinak izan dira, bai egiteko moduan eta baita bizitzeko moduan ere. Esposizioa oso desberdina da mikro baten atzean bertsotan ari zarelarik edo rap proiektu bat defendatzen ari zarelarik.