Horretarako, lanaren lehenengo zatian, gerraostetik 80. hamarkadara bitarte, Elgoibarren euskalgintzan egindako lanaren testigantza jaso dute. Zeregin horretan Badihardugu eta Elgoibarko Izarra elkarteak izan ditu bidelagun Udalak. Dagoeneko, 21 herritarren testigantzak jaso dituzte Badiharduguren laguntzaz, eta herritarren eskura jarri dituzte ahotsak.com webgunean. Horrez gain, garai hartako materiala eskuratzeak proiektu honetarako duen garrantzia azpimarratu nahi dute Udalak eta Elgoibarko Izarrak.
Sasoi hartan, euskararen arloan sortu eta erabiltzen zen materiala (kartelak, esku-orriak, argazkiak, diskoak, liburuak, komikiak, ipuinakā¦) jaso nahi dute, horiek guztiak modu digitalean gordetzeko. Horretarako, herritarrei dei egin diete gerra ostetik 1990era arteko materiala izanez gero, lagatzeko. Arduradunek materialen kopia digitalizatuak egingo dituzte, eta originalak jabeei itzuliko dizkiete. Materiala Elgoibarko Izarra elkartearen bulegora eraman behar da (Aita Agirre kulturgunea, 3. solairua).
Informazio gehiagorako 943 741 626 zenbakira deitu edo elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.eus helbidera idatzi daiteke.