Pentsio duinak eskatzeko mobilizazioak duela bost urte hasi zituztela ospatuko dute urtarrilaren 16ko elkarretaratzean

Barren.eus 2023ko urt. 13a, 14:04

Datorren urtarrilaren 16an, astelehena, bost urte beteko dira Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, baita Elgoibarkoak ere, pentsio publiko duinen aldeko mobilizazioak hasi zituztela, eta garbi dute "arrazoi asko" daudela "kaleak hartu eta mobilizatzen" jarraitzeko. Astelehenerako antolatu dutena elkarretaratze berezia izango dela aurreratu dute, "aldarrikapena eta jaia" uztartuko dituena.

Elgoibarko pentsiodunen mugimenduko ordezkariek jakinarazi dutenez 2018an du jatorria pentsio publiko duinen aldeko mobilizazioak. "2018ko urtarrilaren 15ean hasi zen dena, Fatima Bañezek, garai hartan PPren Gobernuko Enplegu eta Gizarte Segurantzako ministroa zenak, bosgarren aldiz bidaltzen zizkiguten gutun haiek, %0,25eko igoeraren berri emanez. Baina ministroak bidalitako gutun hura ginga besterik ez zuen jarri. Pastela 2011ko akordioaren bidez, J.L. Rodriguez Zapateroren Gobernuarekin, eta 2013ko akordioaren bidez Rajoyren gobernuaren inposaketarekin prestatu zen. Akordio horien ondorioak 2014an, 2015ean, 2016an eta 2017an nabarmendu ziren, %0,25eko igoerarekin. Horren ondorioz, pentsiodunak mobilizatzen hasi ginen pentsio publiko xume batzuen alde", adierazi dute. Mobilizazioen hasiera gogora ekarriko dute datorren astelehenean, Kalegoen plazan egingo duten ekitaldi batean. Zehaztu dute jai izaera izango duen ekitaldia izango dela.

12:00etan hasiko da, Kalegoen plazan. Elkarretaratzearen ondoren, mobilizazioak hasi zituztela bost urte direla eta, mokadutxoa egingo dute. Hori bai, pintxoa bakoitzaren kontura izango dela zehaztu dute.

 • Eros ahalmenak behera
Era berean, gogora ekarri dute azken bost urteotan nabarmen egin duela behera pentsiodunen eros ahalmenak. "PPk eta EAJk lege-dekretua onartu zutenetik pentsiodunek erosteko ahalmenaren %16 galdu dute, eta ez dakite berreskuratuko duten". Baina, era berean, azpimarratu dute azken bost urteotako mobilizazioei esker hasieran planteatu zituzten aldarrikapen "oso garrantzitsuak" gauztzea lortu Dutela. Honako hauek nabarmendu dituzte:

  • Iraunkortasun-plana ezabatzea.
  • Igoera KPIaren araberakoa izatea, eta ez % 0,25ekoa.
  • Alarguntza-pentsioa %518k %60ra igarotzea, urteak zeramatzalako aplikatu gabe.

Hala ere, betetzeko dauden aldarikapenen zerrenda oraindik ere luzea dela azaldu dute, besteak beste honakoak:

  • Gutxieneko pentsioa Europako Gutun Sozialak (1080 euro) kotizaziopeko pentsioetarako ezartzen duena izatea.
  • Alarguntza-pentsioa %100ekoa izatea.
  • Gutxieneko pentsioari dagokionez, Europako Gutun Sozialak adierazten duen gutxienekora arte (1080 €) pentsioak osatzeko eskatzea Eusko Jaurlaritzari. "Horretarako baliabideak ditu, borondate polikoaren kontua da.
  • Gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea.
  • Pentsioen sistema publikoa defendatzea eta herritarrei tratu txarra ematen dien bankuak erreskatatzeko erabili zituzten 60.000 milioi euro baino gehiago itzultzea.
  • Gizarte Segurantzari auditoria bat egitea, pentsiodunek lan-bizitza osoan jarri duten diruarekin zer gertatzen den jakiteko.

 

Pentsio duinen aldeko mugimendukoek agintariei gezurrik ez esateko eskatu diete. "Pentsiodunek ez dute askorik kobratzen. Gutxi kobratzen dutenak langileak dira, gutxiegi, eta gutxieneko soldata duinen alde borrokan eta mobilizazioekin jarraitu beharko dute. Ez dute beste erremediorik". Ildo beretik, pentsio duinak defendatzera animatu dituzte herritarrak, agintean bata edo bestea egon pentsio duinak defendatzea denoi dagokigula-eta.